La casa de Epi du izena Ziordian ateak ireki berri dituen landa turismoko apartamentuak. "Gure aita zena Epifanio zen, eta niri ere izen hori jarri zidaten; beraz, izena hortik dator. Erraza da esaten, xumea eta argia" azaldu du egitasmoa aurrera eraman duen Epi Baztarrika Letek.
Nola sortu zitzaizun landa turismo apartamentua egiteko ideia?
Hau nire etxea zen, bertan bizi nintzen. Ama alboan bizi zen, baina erori eta min hartu zuenez, nirekin bizitzera etorri zen. Nire etxeko behealdean etxebizitza prestatu genuen, moldatuta. Guztia zuen behean, eta ez zuen igo nahi. Eta ni, bere ondoan egoteagatik, behera jaitsi nintzen. Orduan goiko etxea hutsik geratu zen. Ideia aspaldi nuen buruan bueltaka, eta pandemia etorri zenean etxea landa turismo apartamentua bilakatzea aukera ona zela iruditu zitzaidan; behintzat aztertzea eta probatzea. Horrela, paper kontuetan murgildu nintzen. Berriak gara honetan, eta Olaztiko Aritz 'Barandik' eta Belen Imazek laguntza handia eman zigutela nabarmendu nahiko nuke. Eurek landetxeak dituzte, eta nondik jo, zer egin… sekulako erraztasunak eman dizkigute. Oso eskertuta gaude.
Proiektua aurrera eramateko egin beharreko pausoak nolakoak dira?
Lehenik eta behin, baimen eta burokrazia kontuak daude. Gu ez gara zerotik hasi: etxea egina zegoen, eta NafarroakoTurismo Departamentutik test moduko bat erantzutea eskatu ziguten, etxearen ezaugarrien berri izan eta bete beharreko eskakizunak betetzen dituen ikusteko. Baremazio edo puntuazio bat da. Esaterako, sukaldeak 15 metroko azalera badu, puntu bat dauka, eta 10 metrokoa bada, ez du puntuatzen. Halako xehetasun pila bete behar ziren, etxeak dituen ezaugarriak baloratzeko: mikro uhin labea duen, ile lehorgailua, ontzi-garbigailua, lorategia… Jakina, lehen mailako landetxea izateko, puntu asko behar dira. Horrekin batera, eskatzen duten informazio guztia bidali behar da, etxearen argazkiak eta planoak tartean. Hor ikusten da aurreko baremazioan esandakoak benetakoak diren, etxeak eta gelek dituzten metroak, berogailua ote dagoen, zoruan egurra, edo dena delakoa…
Zailak dira paper kontuak?
Zalantzaren bat egonez gero, Turismo Departamentura jo daiteke lasai asko eta behar duzun laguntza ematen dute. Gauzak ongi eginez gero, nahiko prozedura erraza da. Eta nabarmentzekoa da Ziordiko Udalak ere ez digula inolako arazorik jarri; kontrakoa, eta eskertzekoa da ere. Bestalde, landa turismo apartamentua kudeatzeko orduan, internet erabilpen ezagupen batzuk izatea beharrezkoa da, erreserbak eta halakoak kudeatzeko.
Etxea egokitu behar izan duzu?
Apartekorik ez. Oheak, koltxoiak, altzariak eta halakoak berritu ditugu. Su itzalgailuak eta irteeren seinaleztapena jarri ditugu, baina ez dugu sekulako inbertsioa egin. Sukaldea ia erabili gabea zegoen. Eskatzen zitzaigunera moldatu dugu, baina txikikeriak ziren.
Paper kontuetan hasi zinenetik landa turismo apartamentua zabaldu arte, zenbat denbora pasa da?
Hilabete bat inguru. Behin guztia martxan izanda, garrantzitsuena landa turismo apartamentua turismo plataforma digital garrantzitsuenetan egotea da, Booking eta halakoetan, jende gehienak halakoetara jotzen duelako. Hor alta eman, eskatutako informazioa bidali, eta bere erakusleihoan sartzen zaituzte, bere portzentajearekin. Hau da, euren bitartez egindako erreserba bakoitzarengatik komisio bat kobratzen dute. Baina gure telefonoa edonoren eskura dago eta zuzenean deitzea da egokiena, zuzenean bezeroarekin hitz egiten dugulako eta bere beharrak jakin. Aldi berean, Ziordiko zerbitzuak zein diren eta gure landetxeak eskaintzen duena azaldu ahal diegu.
Noiz ireki zenuten?
Duela hilabete pasa. Pozik gaude, baina aldi berean urduri, erantzukizuna ere badelako. Gure etxea da, kanpoko jendea dator, eta guk nahi duguna da eurak gurean eroso egotea, gustura. Dena den, zerbait behar badute, gertu gaude. Lehengo bezeroak etorri zirenean, ez nintzen etxetik mugitu ere egin, badaezpada, zerbait behar bazuten gertu egoteko. Denborarekin ohitzen joango gara (kar, kar…). 8 neska etorri ziren, Donostiatik. Plataformatik egin zuten eskaera. Orain arteko sarrera guztiak horrela etorri dira. Abuzturako ere jendea badugu.
Zer eskaintzen du Ziordiak?
Lasaitasuna. Orain, udan, giro polita dago herrian. Ume asko ikusten dira, eta umeak dauden tokian alaitasuna dago. Gurea herri txikia da, baina zerbitzu asko ditu. Ziordia bezalako herri txiki batera etorri, eta igerilekuak eta frontoia eskura izan, eta bazkaltzeko edo afaltzeko jatetxea izatea gozamen hutsa da. Eta gero, paseoan Arabaraino joan daiteke, Lezera. Aldapan gora joan nahi dutenek Hirumuga, Pagadi edo Urbasa dituzte eskura. Onddoen sasoia denean, aukera polita da ere. Eta neguan goxo egoteko sutondo polita dugu. Aipatzekoa da gurean txakurrak ongi etorriak direla. Esan digutenez, txakurrak dituztenek etxeko garbiketa gehiago zaintzen omen dute.
Nola hartu dute landa turismoko apartamentua ziordiarrek?
Ez dut jendearekin asko hitz egin, baina askok harriduraz hartu dute. Landa turismo apartamentua jarri behar nuela esan nuenean, askok ez zidaten sinistu. Nik uste dut herriarendako ona dela. Donostiako neska horiek jatetxean egon ziren bazkaltzen, esaterako.
Sakanan turismoan sartzea kostatu zaigu.
Sakanan industria, enpresak eta tailerrak izan ditugu, baina honekin ez da nahikoa. Enpresa bat ixten den bakoitzean pertsona asko doa langabeziara. Zein irteera dago? Turismoa aukera bat da. Gurean geroz eta landetxe, landa turismo apartamentu eta hotel gehiago ari dira zabaltzen. Baztan turismoaz bizi da, eta ongi bizi dira. Sakanan zergatik ez? Hona jendea ekarriz gero, hobeto guztiendako. Toki pribilegiatuan gaude, Gasteiz, Iruñea eta Donostiatik gertu, errepide onekin, eta horrek aukera ematen du bide honetan sakontzeko. Nik uste dut denborarekin turismo zerbitzu eta komertzio gehiago zabalduko direla, batak bestea erakartzen duelako. Ez da berehalakoan ikusiko, baina denborarekin bai. Ildo honetan, esan nahiko nuke landetxeak, landa turismo apartamentuak, hotelak… ez garela elkarren arteko konpetentzia. Bakoitzak bere profila du, eta nirea bezero bati egokitzen ez bazaio, ondokoari eskainiko diot. Agian landetxeak, hotelak, etxe turistikoak eta halakoak ditugunak bildu eta Sakanako elkarte bat sortu beharko genuke, elkarren arteko harremana sendotu, batera joan eta Sakana saltzeko. Barandiri entzun nion, eta ideia ona da, aztertzekoa. Jendea Sakanara badator eta pozik badoa, bueltatuko da.
Landa turismo apartamentua martxan jartzeagatik kontentu zaude?
Bai. Nik nire lana daukat, ez naiz honetatik biziko. Ez genuen inbertsio handirik egin behar, etxea hutsik zegoen eta, gutxienez, probatzera animatu gara. Esan digute lasai egoteko, hau kolpeka izan daitekeela, takadatan. Eta pandemia dela eta, ez dakigu ere jendeak nola erantzungo duen. Ongi badoa, aurrera, eta, bestela, gauden bezala segituko dugu.