Elkartasun lasterketa birtuala, eta herrian

Guaixe 2021ko ira. 13a, 09:38

Ziordia elkartasun lasterketako parte hartzaileak. @FIMOFITO

Ziordia running taldeak Paris 365 jatetxearen aldeko elkartasun lasterketa antolatu zuen domekan eta 1.335 euro lortu zituen. Urteko gainontzeko ekimenen bidez 20.025 euro eskuratu ditu. 

Gizarte ekimen baten aldeko elkartasun lasterketa antolatzen eskarmentua du Ziordia running taldeak. Aurtengoa, hilaren 5ekoa, Paris 365 jatetxe sozialaren aldekoa zen. Pandemiagatik, bigarren urtez jarraian lasterketa modu birtualean egin zen. Parte hartzaileek www.migranodearena.com webgunearen bidez eman zuten izena, gutxienez 5 euroko ekarpena eginez. Hala, lasterketa birtual horretan Valladolid, Burgos, Madril, Katalunia, Praga eta Euskal Herrian izan ziren korrikalariak. Gainera, hamabost bat korrikalari bildu ziren Ziordiko kale eta bideetan lasterka egiteko. Guztiek egindako kilometroak ELA gaitzari ikusgarritasuna emateko KMS x ELA ekimenari batu zaizkio. 

Aldi berean, Ziordia running taldeak GNAO 1 gaixotasun arraroa duen Markel Carmona Lesaka 14 urteko gaztearen aldeko elkartasun zozketa antolatu zuen. Ekimen horren bidez urnietarraren familiari 6.500 euro emanen dizkiote, gazteak behar dituen terapiak garatzeko. Domekan Ziordian izan ziren. Talde ziordiarraren aurtengo elkartasun jarduna udaberrian osatu zen, Rett sindromea duen San Adriango Bea Hernando Saez neskatoaren aldeko zozketarekin. Orduan 12.170 euro lortu zituzten zozketarako txartelak salduz. Talde antolatzailearen izenean, Jose Ramon Ramirezek eskerrak eman zizkien parte hartzaile guztiei, sariak eman zituztenei eta zozketa txartelak erosi zituztenei.