Gazte eta zahar ekitaldi berean

Guaixe 2021ko ira. 10a, 12:59
Festetako ttattarra jaso zuten umeen eta senideen talde argazkia. UTZITAKOAK

Ziordiko Udalak herriko adinduenei aitortza egin die, eta txikitxoenei ongi etorria.

Gainontzeko herrietan bezala, Ziordian ere ez da festarik izan aurten. Hala ere, Ziordiko Udalak ekitaldi sinboliko bati eutsi nahi izan zion. Horregatik, herriko adinduenei eta joan den urtean jaiotakoei opari bana eman zieten asteazken eguerdian egindako ekitaldian. Alde batetik, herriko gizon-emakume adinduenak diren Angeles Martinezek eta Placido Mendozak lore sorta bana jaso zuten. Eta gauza bera Ziordiko bikote zaharrena osatzen duten Teodora Arregik eta Placido Mendozak. 

Bestalde, 2020an jaiotako herrian bizi edo gurasoak bertakoak dituzten hamar umeri festetako herriko ttattarra oparitu zien udalak. Honakoek jaso zuten: Adur Otsoa Aldanondo, Aimar Perez Igoa, Alejandro Martin Agirre, Alicia eta Elena Luque Agirre, Amaiur Mendinueta Etxarri, Intza Razkin Arbizu, Kepa Azpiroz Arakama, Valeria Sanchez Gonzalez eta Vega Lopez de Goikoetxea Lizana. 

Bestalde, Ziordiko Udalak udarako kultur programazioa du eta horretara 10.000 euro bideratu ditu. Egitarau horren barruan, besteak beste, Xabier Artieda, ipuin kontalaria, mariatxien eta Iheskide taldearen kontzertuak izan dira besteak beste. Hura osatzeko Haize Berriak bandak domekan, 19:00etan, kontzertua eskainiko du.