Dona Luzia kaleko 21 eta 58 zenbakien artean makinak lanean dira agorrila akaberatik. Hango sareak eta zorua berritzeaz Erki eraikuntza enpresa arduratzen ari da. Eta hango lanak despeditu ondoren, Dona Maria kalearen 9 eta 29 zenbakien artean eta Miraria kalearen 12 eta 16 zenbakien artean eginen dira lan horiek. Ziordiko Udalak lanak horrela egitea erabaki zuen irailaren 4an herrian jokatu zen txirrindulari lasterketaren ibilbidea ez eragozteko.
Olatz Irizar Martinez alkateak jakinarazi duenez, lanak azarorako despedituko dituzte. “Proiektuaren aurrekontua 400.000 eurokoa da, eta Erkik 322.000 eurotan egiteko konpromisoa hartu du. Lanak finantzatzeko Nafarroako Gobernutik 175.000 euro jasoko ditugu”. Foru administrazioaren aurrekontuen negoziazioan EH Bilduren emendakina onartu ondoren lortu zen finantzaketa hori.
Alkateak jakinarazi duenez, “herriko kale gehienen berritzea bukatzeko bi fase handi eta esku hartze txiki batzuk falta dira. Hiru kale horiek bi fase horietako lehenekoak dira”. Hurrengo fasean daude Dona Luzia kaleko 6. zenbakitik 18ra eta handik 40 arteko kale zatia eta Mirari kaleko 1 eta 5 zenbakien arteko kalea eta haiei perpendikularra den Texeria 25 eta 27-A zenbakiak hartzen dituen kale zatia.