Mantentze lanak Urdalurko uberkan

Guaixe 2021ko urr. 1a, 12:56

Pilatutako uraren bolumena jaitsi dute, urarekin kontaktuan dagoen erretenaren paretan programatutako mantentze lanak egiteko.

Urdalur urtegiak apenas du urik, eta ondoan zeuden etxolak ikusi daitezke. Ezohiko egoera, makina bat jende erakarri duena. Ebroko Ur Konfederazioak kudeatzen du eta jakinarazi dutenez, “programatutako ohiko mantentze eta kontserbaziorako lan batzuk egiteko uberkak bildutako ur  bolumena jaitsi da. Oraingoan, presatik gorako paramentuan hormigoizko injekzioak eginen dira”. Konfederaziotik argitu dutenez, “urtegiak dituen ur ekarpenak kontuan izanda, bildutako uraren bolumenaren jaitsiera orain egin da, bere onera bueltatzea errazteko”. 

Uberkako pasa ireki eta pilatutako ur bolumena jaisteko maniobra lastaileko lehendabiziko astean hasi zuten. “Baina euririk gabeko tarte bat izaten ari zenez, urtegiaren ur ekarpenak neurtzen ari ziren, probetan zeuden. Bolumen jaitsiera, berez, joan den astean egin zen”. Eta uraren maila jaistearekin kisusgileak paretan lanean hasi dira, urarekin kontaktuan dagoen erreteneko paretan hormigoi injekzioak egiten. Paretan lanean bizpahiru aste emanen dituzte. 

Behin lanak despedituta, atzera ere, azaroaren erdialdean uberka ura pilatzen hasiko da. “Urtegiak ur ekarpen onak ditu azaroan. Gainera, urtean hainbatetan betetzen da”, azaldu dute lanen arduradunek. Konfederaziotik argitu dutenez, “ur bolumena jaisteko maniobraren berri eman zaio etengabe Sakanako Mankomunitateari”, bera baita Ur Zerbitzuaren bidez Urdalurren pilatutako ibarreko makina bat etxetaraino eramaten duena. 

Ez dira aurten konfederazioak urtegian egin dituen lan bakarrak. Erreten gainera joateko bidea konpontzeko lanak joan den urtean hasi zituen, eta aurten falta den zatia konpondu du. Sasiak garbitu eta bestelako egiteko jakin batzuk ere egin dituztela gaineratu du erakundeak. 

Erlazionatuak