Ana Fuste Agirre

"Abendukoa bezalako uholderik ez dut inoiz bizi"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko urt. 18a, 13:26
Ana Fuste ziordiarra Kixkur bere ileapaindegiaren aurrean. UTZITAKOA

Aurreko asteko igande gauean zeruari begira jarri zen berriz ere Ana Fuste Agirre ileapaindegi ziordiarra. Hamar urtetan bi uholde izan ditu errekaren ondoan duen lokalean

Azkenengo uholdea abenduaren 10koa jasan zuen. 

1. Euria egiten duenean ibaiari begira egoten zara, ezta?
Eta mendi tontorrean elur pixka bat egiten duenean, eta gero euria hasten duenean eta mendietako elurraren desegitearekin elkartzen denean, hor izugarria izaten da.

2. Nola bizi dituzu egun horiek?
Gaizki. Oso urduri. Gainera, beti gauean hasten da ura igotzen. Ileapaindegira jaisten naiz, ileapaindegiari itsatsita bizi naizelako, eta orduero jaisten naiz nola dabilen ikustera. Agian askotan ez da sartzen, aurreko egunean bezala azkenean ez zela sartu, baina taulak jarri, gauza pila bat kendu ura sartzen bada ez puskatzeko… Urduritasunarekin.

3. Nola prestatzen zara? Nola dakizu noiz hasi prestatzen?
Aurten Ziordiko Udalak dike moduko bat egin du lorategiaren eta ileapaindegiaren artean ura hortik ez pasatzeko. Oso txarra zen zonalde hori. Gero beste dike moduko bat egin dute taula batzuekin, eta erreka igotzen ari dela ikusten dugunean gurasoak eta auzokoak joaten gara eta taulak jartzen ditugu ileapaindegira eta etxetara ez sartzeko. Udalak Whatsapp bidez mezu bat bidaltzen du esanez badirudiela egun horretan uholdeak egon daitezkeela eta zakuak toki batzuetan daudela hartzeko. Batzuetan izaten da zeruari begira egotea ea gelditzen duen. Ez dago besterik. Interneten ere begiratzen dut, batzuetan asmatzen dute eta beste batzuetan ez.

4. Zenbat aldiz sartu zaizu ura?
Sartu triskantza eraginda bi aldiz. Orain dela bi urte abenduaren 13an, Santa Luzia egunean, eta 2021an abenduaren 10ean. Beti Santa Luzia inguruan. Ez genuen hainbesterako izango zenik, etengabe izan zen, ez zen gelditzen. Astelehenean ere oso urduri egon ginen; igandetik asteleheneko gau horretan. Ez genuen espero eta taulak eta dena jarri genuen badaezpada, eta ileapaindegiko gauza batzuk igo nituen.

5. Aurretik horrelako uholdeak ezagutzen zenituen?
Ni errekaren ondoan bizi izan naiz beti, eta uholdeak bizi izan ditut. Baina abendukoa bezalakoa ez dut sekula ezagutu. Inoiz ez. Ileapaindegira leihoetatik sartzen zen ura. Etxe eta azpi askotara sartu zen, ermitara iritsi zen ere. Herria itxita egon zen ere. Izugarria izan zen.

6. Eta gero dena garbitu behar.
Auzolana garrantzitsua izan da. Azkenean, bi bonba jarri genituen. Lastadikoek ekarri zidaten goizeko ordubietan beste bonba bat batekin bakarrik ez genuelako ura ateratzen. Bonba jarri, eta itxoitera. Ileapaindegian ura iragazi da garbitoki zaharra zena delako. Beheko zonalde guztian hamahiru isolamendu kapa jarri genituen, baina ura igotzen joaten da eta iragazten joaten da edozein tokitik eta geldiezina zen.

7. Gauzak galdu dituzu?
Gauzak materialarik ez. Baina bai altzariak eta erakusketariak. Gauza horiek ezin dituzu momentuan mugitu. Gero hormak eta errodapiak zonalde batzuetan lurretik askatu da. Puskatu dira. Ateak ere puskatu dira. Urak hartu zuten eta handitu dira.

8. Beraz, ileapaindegia itxita egon behar izan zuen, ezta?
Bai. Ura ostiralean bazkatzeko orduan gutxi gorabehera bukatu zion sartzen, eta gero dena jaso behar genuen, garbitu… denbora pila bat dakar. Orain margotu behar da. Irekita dugu, baina margoan ikusten dira uraren markak. Hezetasun kengailu bat jarri dugu hezetasun guztia kentzeko eta margotzen hasteko. Aurrekotik utzi nuen ateko markoan ura noraino heldu zen ikusteko, bitxia delako.

9. Dirulaguntzak jasoko dituzu?
Bai, orain konsortzioan sartzen da. Nafarroa zona katastrofikoa izendatu zuten, eta kontsortzioa sartzen da. Aurrekoan aseguruak egin zuen.

10. Ekidin daiteke?
Horren aurrean ezinezkoa zen. Ura maila horretara iritsita berdin du zer jartzen duzun. Gero errekak oso zikinak daude, ez dituzte garbitzen, eta geroz eta zikinagoak daude. Errekaren emaria hamabost metro ingurukoa bada, urte hauetan zikinkeriak eta sastrakak bost bat metro jan dituzte.

11. Lekualdatzea pentsatu duzu?
Lokalak historia dauka. Ziordiko Udalak enkantean jarri zuenean aitonak eskatu zuen horrengatik. Aitonari eta amonari ilusio handia egiten zien etxean gelditzea. Duela bi urtera arte ez zen inoiz ura sartu, eta oso ondo. Azkeneko aldian pentsatu nuen: “Itxiko dut eta beste toki batean irekiko dut!”. Baina hamar urte ditut, eta dena berria dago.