Aurten Ziordian bost kinto daude: Ione Li Berreguero Arregi, Araitz San Roman Iparragirre, Unai Mujika Mateo, Xuban Gorostola Rodriguez eta Lander Peral Mendia. Eta, haiekin batera, joan den urtean pandemiagatik kinto festa ospatzerik izan ez zuten gazteak ere izanen dira ospakizuneko protagonistak, zehazki honakoak: Naroa Barriola Goikoetxea, Naroa Otxoa Garmendia, Xabier Bengoetxea Ijurra eta Anne Lapuente Perez.
Bi kintadak batera eginez, ez da kinto izateko adina atzeratuko, eta Ziordian ohikoa denez, 18 urte betetzen diren urtean gazteek kintoak ospatzen segituko dute aurrerantzean ere. Aipatu bederatziekin batera sei kinto zahar eta bost kinto gazte ere izanen dira segizioan.
Kintoak gaur Errekakartea elkartean bazkaltzera elkartuko dira. Eta, hortik aurrera, domeka iluntzeraino festa giroan ibiliko dira. Gaur herrian poteoan ibiliko dira eta bertan afaldu ondoren, “ahal den moduan juerga eginen dute”.
Larunbatean, eguerdirako, kalean izanen da kinto segizioa. Trikitilaria eta pandero jolea lagun dituztela herrian barna etxez etxeko eskea eginen dute. Bazkal garairaino luzatuko dute kinto eskea. Gainera, Ziordiko gainontzeko kintadek ere larunbatean dute hitzordua eta giro ederra izanen da herrian. Bazkaldu ondoren Altsasura poteatzera joanen dira. Horrekin batera, Foru plazan kinto altsasuarrak dantzan ikusiko dituzte. Parranda han eginen dute. Eta bi egunetako juergaren ondoren, kinto ziordiarrek ospakizuna domekan despedituko dute. Azken egunean “lasai” ibiliko dira: bazkaldu eta gutxi gehiago.