Egurra hartzeko aukera

Guaixe 2022ko ots. 8a, 11:25

Ziordiko ikuspegia Artiango bidetik. Herriaren gaineko basoan dago har daitekeen egurra. ARTXIBOA

Epaitza atera ondoren gelditu den egurra etxerako har dezakete ziordiarrek, beti ere, aurretik udaletxean izena emanda.

Batueko eta Telegrafo parajeetan Amerikako haritzaren epaitza atera eta hondarrak gelditu dira. Ziordiko Udalak jakinarazi duenez, gelditu den egurra etxeko surako hartzeko aukera dute ziordiarrek. Horretan interesa duten ziordiarrek udaletxean izena eman behar dute. Behin hori eginda, esleitutako egurra garagarrilaren 22 baino lehen eraman beharko dute etxera. Izan ere, egun horretatik aurrera egur gehiago ateratzeko aukerarik ez baita izanen.  

Ziordiko Udalak azaldu duenez, egur loteak markatu gabe daude. Egurra hartzen duenari ez dio ezer kobratuko. Gainera, egur hori eskuratzen dutenek aurten berdin-berdin eska dezakete etxerako surako egur lotea. Eskaintza bere egiten dutenei baldintza bakarra jarri die Ziordiko Udalak: eguneroko lana despeditu ondoren, bideak garbi uztea, inolako egur arrastorik gabe.