Guaixeko txoko honetan idatzi behar dudan bakoitzean liburutegiko bazterretan murgiltzen hasten naiz. Liburu hau… bai, beste hori ez dakit… Murgiltze hori, berehala, kate koloretsu bat bilakatzen da, abenturazko liburu kolorea, historia liburu kolorea, liburu beltzak, amodiozko koloretakoak… eta hori guztia, irakurleei gomendatzeko liburu interesgarriak aurkitzeko. Bide hori egiten dudanean, beti ohartzen naiz kolore asko falta direla, zenbait hutsune badirela. Horrela da, liburutegiak anitzak izan beharko lirateke baina ez da erraza hori lortzea. Hala ere, horretaz kontziente izateak pozten nau eta gainera, lan asko egiteko dagoela ohartarazten nau.
“Txapa” honen ondoren hementxe dituzue nire gomendioak. Euskarazko azken liburuetatik hiru aukeratu ditut, bi eleberri eta poesia liburu bat. Lehena “Izurdeen aurreko bizitza” da, Kirmen Uribek idatzia da. Bere New York-eko bidaia errealean eta han bizitako denboran idatziriko eleberria da. Bertan, Rosika Schimmer sufragista eta bakezalearen bizitza ikertzen du. Kirmenek bere bizipenak eta Rosikarenak nahastu egiten ditu. Oso gustura irakurtzen den liburua da. Bigarrena, “Eraikuntzarako materiala”, Eider Rodriguezena. Protagonistak bere aita hil zorian dagoenean atzera egiten du eta izan duen bizitza latza kontatzen digu. Aita alkoholikoa izatearen gogortasuna barruraino iristen zaizu. Eta hirugarrena “Elurra elurraren gainean”, Castillo Suarezen poesia liburua. Ni ez naiz poesia irakurlea baina oraingoan gustura irakurri dut. Nire buruari gogor egin eta saiatu ondoren pozik geratu nintzen irakurketa amaitzean. Polita iruditu zait irakurtzeko.
Gaztelaniazko liburuetatik berriz, bi aipatuko ditut. Lehena,“La trenza”, Laetitia Colombanirena. Hiru emakumeren bizitzak elkarrekin gurutzatzen dira eta garbi ikusten da norberaren jaioterriak erabat baldintzatzen duela emakumearen etorkizuna. Eta, bigarrena “Violeta”, Isabel Allendek idatzia. XX. mendeko gertakizun esanguratsuenak biziko dituen emakume baten istorioa da. Liburutegiko irakurleei izugarri gustatu zaie.
Hemen dituzue aukera interesgarriak, baina ez ahaztu liburutegi koloretsu horietan askoz gehiago aurkituko duzuela.