Txirrindularitza

Bizi Festan parte hartzera animatu dute, Ziordian

Guaixe 2022ko mai. 17a, 13:30
Gerrikagoitia, Errazkin eta Zestasu. Bizi Festa egunaren aurkezpenean.

Maiatzaren 29an Ziordiko txipudi parkeak Mank-ek bizikletaren inguruan prestatutako festa hartuko du. Bizikleta paseoa, jokoak, ipuinak, auzatea… denetarik izango da eta lehenbailehen izena ematera animatu dute

Sakanako Mankomunitateko Kirol, Euskara, Berdintasun eta Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuek Bizi Festa prestatu dute elkarlanean. Aurten zazpigarren edizioa izango da eta Ziordiko txipudiko parke ederrean gauzatuko da. "Egun honi Bizikleta Ibilaldi Berezia izena jarri genion hasieran, Sakanako Bizikleta Egunetik nolabait bereizteko, baina nahasmena sortzen zen eta Bizi Festa izena hartuko du hemendik aurrera. Festa egun ederra izatea espero dugu eta sakandar guztiak gonbidatzen ditugu bertara" azaldu zuen aurreko astean egindako aurkezpenean Amaia Gerrikagoitia Uriarte kirol teknikariak. 

Bizi Festa Ziordia eta Olazti artean egingo den bi orduko 7 km inguruko bizikleta ibilbide errazarekin hasiko da. "Familia eta lagun giroan modu lasaian ariketa fisikoa egitea sustatu nahi dugu. Lasaitasun horrek partaideen artean harremanetarako bidea ematen du, euskaratik" gaineratu zuen Izaskun Errazkin Beltza euskara teknikariak. Bizikleta ibilbiderako kaskoa eramatea derrigorrezkoa da, eta bizikleta doitzea. Ondoren, Ziordiko txipudiko parkean jarraituko dute ekitaldiek. Partaideen artean txirrindularitza materiala zozketatuko da eta auzatea izango da, baina ez ohikoa. "Jatorri anitza duten sakandarrak hurbilduko dira eta jatorri anitzeko jakiez gozatzeko aukera izango dugu" aipatu zuen Bego Zestau Baraibar Anitzartean kulturartekotasun teknikariak. 

Izaskun Mugika ipuin kontalariaren txanda izango da ondoren. "Joan zen urtean Itxasperrin antolatu genuen Bizi Festan aritu zen, eta aurten ere zabaldu nahi ditugun baloreak landuko ditu bere ipuinetan: berdintasuna, kulturartekotasuna, bertako hizkuntzak… ederra izango da" gaineratu zuen Errazkinek. Bitartean, familiei aisialdian euskara lantzeko dauden gune aproposen berri emango zaie. 

Bigarren eskuko materiala jaso
Jolas herrikoien eta bizikleta konpontzeko tailerraren txanda helduko da segidan. Gurpil pitzadurak nola konpondu, kateko begiak nola aldatu… denetarik ikasiko dute. Bitartean bigarren eskuko kirol materialaren bilketa egingo da. Patinak, baloiak, bizikletak, patineteak… denetarik jasoko dute, eta bildutakoa Iruñeko Apoyo Mutuo-Elkarri Laguntza elkarteari emango zaio. "Ekimen honekin elkartasuna landu nahi dugu, dagoeneko erabiltzen ez dugun kirol materiala beste norbaitek erabili dezakeelako" nabarmendu zuen Zestauk. 

Bizi Festan parte hartzeko izena maiatzaren 25a baino lehen eman behar da, Sakanako ikastetxeetan edo Sakanako Mankomunitatean. 10 urtetik azpiko haurrek heldu baten ardurapean egon beharko dute.