Bizi Festa edo familiarteko topaketa

Guaixe 2022ko eka. 1a, 12:26

Sakanako Mankomunitateko Euskara, Anitzartean, Kirol eta Berdintasun zerbitzuek antolatu zuten bizikleta egun berezia. Ziordian 140 pertsona elkartu ziren igandean. 

Eguraldia lagun, jendetza bildu zen igandean Ziordiko txipudiaren inguruan. 140 pertsonek eman zuten izena, gehienek, familia giroan. Barranca txirrindula taldeak gidatuta, ibilbide polita eta lasaia egin zuten Ziordia eta Olatzagutia artean. Ondoren, kultur arteko gosaria egin zen: fruta, patata tortillak, Errumaniako haragia, gazta eta postrea, Marokoko pastak… Indarrak berreskuratu ondoren, zozketak Izaskun Mujika ipuin kontalariari eta jolasen tarteari bide eman zion. Aurten ezin izan zen bizikleta konpontzeko tailerrik egin.

Sakanako Mankomunitateko teknikaria diren Izaskunek (Euskara Zerbitzua), Begoñak (Anitzartean) eta Amaiak (Berdintasun Zerbitzua) azaldu dutenez, “parte hartzaileek lasai hartzen dute eguna: familian eta lagunartean kirola egin eta gero lasai gelditzen dira, eta giro atsegina sortzen da. Zenbait balore lantzeko giro aproposa sortzen da: aniztasuna, berdintasuna, euskara zaintzea…” Egunaren antolaketan lagundu zuten Barranca txirrindula taldeari, Ziordiko Udalari eta gosarian prestatzen lagundu zutenei eskerrak eman dizkiete.