Atletismoa

Ziordiko lasterketa, elkartasunean txapeldun

Guaixe 2022ko eka. 13a, 10:30

Talde argazkia, lasterketa bukatuta.

Ziordiko Running Taldeak antolatutako lasterketa solidarioak 290 partaide izan zituen, 1.000 kilo inguru elikagai jaso ziren Paris 365 jantoki sozialerako eta 5.940 euro gaixotasun larria duen Markel Carmonarendako

Larunbatean jokatu zen Ziordiko Herri Lasterketa Solidarioa, eta probak izan zuen erantzunarekin kontentu dago Ziordiko Running Taldeko Jose Ramon Ramirez. "Kontuan hartuta lasterketa pila bat daudenez ia lasterketa guztietan parte hartzeak orohar behera egin duela, pozik gaude Ziordiko parte hartzearekin" azaldu du. Helduen lasterketan eta martxan 180 partaide izan ziren eta haurren lasterketan 110 inguru, beraz, 290 korrikalari guztira. "Eguraldiagatik beldurrez geunden, Araba aldean kazkabarra ari zuelako, baina eguraldiak eutsi zion, eta hori ere alde izan genuen" gaineratu du. 

Diaz eta Beunza azkarrenak
Helduen lasterketako irabazlea (6,8 km) Alberto Diaz (23:29) izan zen, Mikel Acarretaren (24:20) eta Jorge Alonsoren (24:55) aurretik. Raul Audikana olaztiarra seigarren sartu zen (26:45). Emakumezkoetan Izaskun Beunza olaztiarra gailendu zitzaion Lucia Garateri (28:04), eta Nagore Aramendi izan zen hirugarren (29:17). Baina Ziordiko lasterketa solidarioan garrantzitsuenak beste zenbaki batzuk dira, ekimen solidarioetarako jasotzen direnak, hain zuzen ere. 

Izena ematearen truke elikagaiak eman behar zituzten korrikalariek, 4 kilo helduek eta 2 kilo haurrek. Guztira 800-1.000 kilo elikagai jaso ziren, Paris 365 jantoki sozialera bideratu zirenak. "Egunean bertan etorri ziren elikagaiak jasotzera, eta oso eskertuta zeuden" kontatu du Ramirezek. Bestalde, zozketetarako saldutako txartelekin jasotako 5.940 euroak GNA01 gaixotasun ultra arraroa duen Markel Carmona haur urnietarraren aldeko elkartera bideratu ziren. "Urtero Madrilen egonaldia egin behar dute gaixotasunagatik, eta, gutxienez, egonaldi horretarako adina lortu dugu" gaineratu du Ramirezek, Ziordiko lasterketan euren aletxoa jartzen duten komertzio, enpresa eta bestelakoekin guztiz eskertuta. "Urte zailak dira, baina euren alea jarri dute eta eskertzea, ez dugu besterik. Guztira 61 sari zozketatu genituen" dio. KMSxELA Fundazioak ere kilometroak zenbatu eta gizarteratu zituen. Ekitaldia auzate ederrarekin eta Katxarrakosen kontzertuarekin despeditu zen. Datorren urtean, gehiago.