Ziordia herriari omenaldia

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko eka. 22a, 12:15
Ziordiko sukaldariak, senideak, udal ordezkariak eta, eskuinetik bigarrena, Jose María Alegría omenaldian. UTZITAKOA

Jose María Alegría 'Pinttu' musikariak Ziordiko sukaldarien liburuari soinu banda jarri dio, eta Kubako talde batekin 'Navarra hasta la cocina' abestia sortu du. Ziordian denbora asko pasatzen zuen Pinttuk, eta "zor" bat zuen.

Benjamin Urdiain, Juan Manuel Mendibe, Valentin Agirre, Jose Ignacio Urdiain, Antonio Iglesias, Javier Arbizu sukaldari ziordiarrak, Oyarbide familia eta Zalacain jatetxeak omendu zituen Nafarroako ostalaritza eta turismo sektoreak. Ekitaldiak soinu banda izan zuen: Navarra hasta la cocina abestia, Jesus María Alegría Pinttuk musikariak sortuta eta Kubako Imaelillo taldeak musikatua. Berak izen bereko liburua kaleratu zuen, eta omenaldiaren sustatzailetako bat izan zen ere.

Pintturen eta Ziordiaren arteko harremana aspaldikoa da: "Banuen bertan osaba bat: Gabriel Urteaga. Txistua jotzen zuen eta ni festa guztietara joaten nintzen. Ziorditik Araiara negarrez itzultzen nintzen". Musikariak Araiako ibaiari abesti bat eskaini zion, "ibaia Nafarroaruntz joaten delako". Araiako gaztea Nafarroako Erreinua zela esan du ere. Hortaz, Nafarroarekiko maitasuna eta harremana oso estua da. "Dena gustatzen zait, festa guztietara joaten nintzen: Ziordia, Olazti, Altsasu...". Herrian "giro polita" egoten zela esan du musikariak, "nire osabak jende askori musika erakutsi zion. Habanerak, mexikarrak eta abar abesten zituzten, egun guztia abesten zeuden"; eta abesten duen herria ez da inoiz hilko. "Ez dezala Ziordik inoiz galdu hori".

Ziordiko osaba eta izebaren etxean gizon bibotedun baten koadro bat zegoela azaldu du musikariak: "Gitarra bat zuen eskuetan. Ziordiko mirariaren aitzindaria izan zen". Gizon hura Parisera, Londresera eta Californiara joan zela azaldu du, eta bertan ostatu bat ireki zuen, Euskal Herritik joaten zirenen egoitza izaten zena. "Gero Benjamin, Javier eta abar atera ziren". Ziordiko sukaldariak. "Oso saltseroak izan dira, eta beti esan dute nafarrak direla, Nafarroakoak, Ziordikoak".

Egunero abesti bat
Pandemia hasi zenean Pinttuk bi lagun depresio oso indartsuarekin zituen. "Esaten zidaten ezin zutela gehiago, ezin zutela iraun, eta hasi nintzen egunero abesti bat bidaltzen". Gosaldu bitartean sortzen zituen abestiak gitarrarekin jotzen zituen, eta prestatu eta zuzendu gabe bidaltzen zizkien. "Jubilatuaren bizitza horrelakoa da...". Noizbehinka lagun gehiagori bidaltzen zizkion, eta horrela Kubako musikari bati bidali zion ere. Navarra hasta la cocina. Ziordiako sukaldarien istorioak liburua kaleratu zuenean, abesti bat egin behar zuela pentsatu zuen ere. "Abestia egin nuen eta Kubara bidali nuen, eta bertan Ismaelillo taldeak salsarekin nahastu zuen, eta sukaldari hauei eskaini nizkien".

"Liburua martxan hasi zenean, haiek ere ez zuten sinisten liburua aterako zenik, abestia atera zitzaidan". Behar bat izan zen abestia egitea. Ziordiari dion "maitasunatik eta zorretik" sortu zuela azaldu du musikariak. "Emozionatzen zarenean gauzak ateratzen dira".

Beste moduko omenaldi bat dela esan du Pinttuk, "eta Ziordia zabaltzeko eta sustatzeko ere beste modu bat. Merezi dutelako. Oso sukaldari garrantzitsuak izan ziren, lehenengo Michelin izarrak lortu zituzten Madrilen, lan egiten adituak ziren, ez zegoen marketing-ik". Oso umilak zirela gaineratu du: "Nik esaten nien umilegiak izan direla, lana nabarmentzea eta omentzea oso polita dela".

Aurreko egunean Nafarroako ostalaritza eta turismo sektoreak egindako omenaldian Pinttuk Ziordiko jota jo zien, "duela 61 bat urte jotzen nuen, eta modu inprobisatuan, ahal nuen bezala ordezko hortzak erortzearen beldurrarekin eta adinaren ajearekin... jo nuen. Nola ez nuen joko!". Emozioaren "fruitua" izan zela esan du, izan ere, "Ziordin oso zoriontsu izan nintzen".

Musikaren indarra
Pinttu Mugarik gabeko musikariak Gobernuz Kanpoko Erakundearen presidentea da. "Duela 28 urte Habanan egon nintzen eta bertan haurrek instrumentuak lortzeko zuten arazoa ikusita zerbait egin behar nuela pentsatu nuen". Hasieran "denetarik" egiten zutela esan du nstrumentuak jaso eta behar zuten herrialdetan banatu, musikarien jantziak... "Musikak indar handia du".

Duela 22 urte Erroman egon ziren, eta hor sortu zitzaien giza eskubideen aldeko zerbait egitea. "Bertakoekin hitz egiten egon nintzen eta esan nien gu prest geundela. Bertan sortu zen Giza eskubideak instrumentu hoberena kanpaina". Arrakasta "izugarria" izan zuela azaldu du, eta herrialde askotan egon zirela. "Hor hasi ginen giza eskubieen aktibistak izaten". Garai horretan ez zuten pentsatzen horretara bideratuko zutenik.

Instrumentuak
Kolonbia, Argentina, Palestina, Siria... Mugarik gabeko musikariak elkartea herrialde askotan egon da. Gainera, musika instrumentuen lehenengo bankua egin dute, Gasteizen. "Bankuaren bidez egin genuen lehenengo ekimena Siriako haurrei tona bat instrumentu bidaltzea izan zen. Hiru musika eskola bonbardeatu zituzten, eta gure laguntzarekin berriz altxatu zituzten". Ondoren, ISISek harrapatu zituen emakume kurduekin lanean aritu ziren, eta hurrengo proiektua Mexikon eginen dute, "nahiz eta Mexiko lehentasunezko herrialde bat ez izan, bertako haurrekin zerbait egin behar dugu". Bestetik, Cabo Verde, Afrikan, emakume eko feminista elkarte batekin lanean ari dira, eta esklabotasunaren kontrako proiektu bat jarriko dute martxan. "Oraindik badira esklabuak, eta hemendik, Euskal Herritik esklabizatzaile asko atera ziren". Gerran dauden zenbait herrialdek Askatasunaren orkestrak egiteko eskatu dietela esan du musikariak.

Nafarroa "oso solidarioa" dela esan du, eta Mugarik gabeko musikariak elkarteak zenbait kanpaina egin ditu bertan. Duela zenbait hilabete Lakuntzan kontzertua eskaini zuten eta instrumentu bilketa egin zuten ere. Iñaki Bizkai akordeolari lakuntzarra da erakundeko ordezkaria, "fenomeno bat da". Elkartearekin kolaboratu nahi duenak musicossinfronteras.org webgunearen bidez egin dezake.

Gasteizen Extremaduratik etorritakoen omenezko kontzertua eskaini zuten, eta Altsasun egitea "ongi" legokeela esan du Pinttuk.