Txirrindularitza

Ailetz Lasa, Espainiako Txapelketako Top-Tenean sartzear

Guaixe 2022ko eka. 27a, 10:20
Nafarroako 23 urtez azpiko selekzioa, Iker Mintegi eta Ailetz Lasa tartean. NAFARROAKO FEDERAZIOA

Laboral Kutxako txirrindulari ziordiarra hamaikagarren sailkatu zen Mallorcan jokatutako Espainiako Txirrindularitza Txapelketetako 23 urtez azpikoen txapelkeltan

Larunbatean Espainiako 23 urtez azpiko Txirrindularitza Txapelketa jokatu zen Mallorcan. Nafarroako selekzioarekin bi sakandar lehiatu ziren, Laboral Kutxako Iker Mintegi altsasuarra eta Ailetz Lasa ziordiarra. 

Nafarroako selekzioak lan ona egin zuen. Iker Mintegik erasoa jo zuen eta aurrera egin zuen, bakarrik. 20 kilometro egin zituen ihesa eginda, hasieran bakarrik; gero Kantabriako beste txirrindulari batekin, baina tropelak euren asmoa zapuztu zuen. Txirrindulari nafarrak horren ondotik egon ziren beste erasoetan sartu ziren, baina ez zuten podiuma lortu. Euskadiko selekzioko Joseba Lopez izan zen Espainiako txapelduna (4:02:28), Andaluziako Jose Marinekin esprinta jokatu eta gero. 

Mikel Retegi izan zen Nafarroako selekzioko lehen sailkatua, bederatzigarren postuan, talde nagusian sartuta, 1:28ra. Ailetz Lasa Top-Tenean sartzear egon zen, hamaikagarren sailkatu baitzen, 1:28ra. Iker Mintegi 113. iritsi zen.