Gorka Izagirre

"Pirinioak beti gustatu izan zaizkit, izugarri; etxean bezala sentitzen naiz"

Maider Betelu Ganboa 2022ko uzt. 18a, 14:00
Gorka Izagirre, tropelean. MOVISTAR TEAM

Vingegaardek Tourra hankaz gora jarri baino lehen, Tourreko Alpeetako atsedenaldian, Gorka Izagirrek Tourrak gorabeherak ekarriko zituela iragarri zuen. Gaur Tourreko bigarren atsedenaldia du tropelak

Olinpiar jokoen ondoren kirol ekitaldirik ikusiena dena, Alpeetako goi mendiko etapan murgilduta egon da. Aurreko astelehenean lehen atseden eguna hartu zuen tropelak, eta Gorka Izagirrek (Movistar Team) Tourrean egunetik egunera joan beharra dagoela nabarmendu zuen, "honek oraindik gorabeherak izango dituelako". Bete-betean asmatu zuen. Gaur, Pirinioei ekin aurreko bigarren atseden eguna dute.

Aurtengoa zure bederatzigarren Tourra da. Erraz esaten da.
Bai. Aurtengoa ia denak bezalakoa da. Beti izan dut sailkapen nagusirako lider bati Tourra egiten lagundu beharra. Samuel Sanchezekin hasi, gero Alejandro Valverde edo Nairo Quintana, Vincenzo Nibali, Jakob Fuglsang eta orain Enric Masekin gaude. Hor doa lasterketa. Polita egiten ari da, eta ikusiko dugu. Oraindik bi aste geratzen dira.

Tourreko lehen astean irabazteko baino gehiago dago galtzeko: etapa azkarrak, galtzadarria... Egun zail horietan eutsi diozue eta Alpeetako lehen etapan Enric Mas liderra hirugarren postuko borrokan sartu zen. Movistarren nola bizi da Tourreko lehen zati hau? 
Esan duzun bezala, lehen asteak hori dakar. Arrisku handia egoten da lehenengo egunetik, eta taldeetan lana banatu egiten da. Niri, Imanol Erbitiri, Nelson Oliveirari... lanik gehiena egitea tokatu zaigu. Igandean mendiko lehen etapa izan zen eta hemendik aurrera beste motako etapak etorriko dira. Lehiakorrak garen ikusiko dugu. Enric ongi zegoen igandean, baina egunetik egunera joan behar da. Honek oraindik gorabeherak izango dituelako, seguru.

Galtzadarrien etapak polemikoak izaten dira. Ikusgarriak dira, ezin da ukatu, baina kalte handia sor dezakete. Gogorregiak ez ote?
Gogortasuna baino, halako etapa batek tropelean sortzen duen urduritasuna da gehiago. Urduritasuna izugarria izaten da, eta hori kudeatzea ez da batere erraza izaten ez liderrendako edo Imanol Erbiti edo ni bezalakoendako, hau da, hor muturra jartzen egotea tokatzen zaigunondako, beste taldekideekin borrokatzen ibili behar izaten dugulako.

Alpeek erabakiko omen dute, baina berehala Pirinioetako etapak datoz. 
Betiko kontuak izaten dira. Une honetan (astelehena, lehen atseden eguna) Tadej Pogacar eta Jonas Vingegaard ikusten ditugu gainetik. Beharbada saiatuko dira, batez ere Pogacar, datozen egunetan benetako kolpea ematen, iaz egin zuen bezala, baina hori ere ikusteko dago. Egia da hiru etapa oso gogor datozela Alpeetan, eta gero Pirinioak ere hor daude, bi etapa oso gogorrekin. Dena den, ez da ahaztu behar azken aurreko etapa, erlojupekoa, luze xamarra dena. Denok dakigu askotan segundoak mendiko etapan baino gehiago erortzen direla erlojupekoan. Ikusteke dago.

Pogacar lider sendoa da, baina zuk uste duzu sorpresaren bat etor daitekeela?
Pogacar sendo dago, baina, Tourrean hiru aste dira eta oraindik bi gelditzen dira. Hori kudeatu egin behar da eta etapa gogor horiek pasatu behar dira. Ez berak bakarrik, bere taldeak ere bai. Pogacarrek bi urtez garaipena lortu du, eta hirugarrenaren bidean dago, baina oraindik ez du lortu. Lan asko du oraindik egiteko. Oraindik gorabeherak egon daitezke.

"Tourrean egunetik egunera joan behar da, oraindik gorabeherak izango direlako, seguru"

Alpeak ala Pirinioak nahiago?
Niri Pirinioak beti gustatu izan zaizkit, izugarri. Etxeko bezala sentitzen ditut. Euskalteleko garai haietan ere Tourrean izan nintzen eta jendetza hura ezagutu izan dut, zale euskaldun guztiak nola joaten ziren Pirinioetara. Hori hor gelditzen zaizu, gordeta. Pirinioak oso bereziak dira eta etxean bezala sentitzea eragiten dizu horrek. 

Movistar Team taldera itzuli zara berriz. Aldaketa handia nabaritu duzu?
Talde gisa materialarekin eginak dituzten aldaketak nabaritu ditut gehienbat, bizikletak eta materiala. Pisu handia zuen jende bat falta da, nik faltan botatzen dudana, baina, hortik aparte aldaketarik ez.

Hiriberriko Imanol Erbiti han zegoen eta bertan jarraitzen du.
Imanol hemen da, eta beti bezala. Lehen pisu izugarria zuen laneko kontuan, eta oraindik hala jarraitzen du. Badaki Tourra nolakoa den. Ez dakit tropelean norbait egongo ote den Tourra berak bezain ongi ezagutzen duenik. Aurten zailtasun handiak izan ditu Dauphinén erorketa bat izan zuelako. Ez zen Dauphinén ez Suitzako Itzulian aritu. Jendeak agian uste zezakeen Tourrera ez zela ongi iritsiko, baina berak badaki gauzak oso ongi egiten, eta ongi iristen. Hemen da, oso maila onean.

"Ez dakit tropelean norbait egongo den Tourra Imanol Erbitik bezain ongi ezagutzen duenik"

Maila pertsonalean Tourrean helbururik jarri al duzu?
Ez. Gazteagoa nintzenean postuak, etapa garaipenak… zerbait nuen buruan, baina urte batzuk badira kontu horiek aspaldi burutik kendu nituela. Ni hona lanera etortzen naiz, horretarako ordaintzen didate, egin beharrekoak egiten ditut, talde lana, eta hor bukatzen da.

COVID19-ak berriro indarra hartu du. Zazpigarren olatua omen. Neurriak hartu behar izan dituzue?
Bai, Dauphinétik erabakiak hartu ziren. Gorakada hori bazetorrela ikusten genuen, eta neurriak hartzen ari gara. Tourrean ere positiboak ia egunero azaltzen dira batean edo bestean. Zorionez, alde horretatik momentuz libratu gara eta pozik.

Goi mendiko etapa hauen bezperatan urduriago egoten zarete?
Ez.

Nola ikusten duzu Enric Mas?
Animotsu dago. Ikusiko da. Bere lekua bilatu behar du, eta pixkanaka ikusiko dugu zertan gelditzen den.