Txirrindularitza

Gorka Izagirrek Tourra utzi zuen Ordiziako Klasikoan parte hartzeko gaur

Guaixe 2022ko uzt. 25a, 11:00
Gorka Izagirre Tourreko larunbateko erlojupekoan. MOVISTAR TEAM

Larunbateko erlojupekoaren ondoren etxerako bidea hartu zuen ziordiarrak

Frantziako Tourreko larunbateko erlojupekoaren ondoren Tourra utzi eta Euskal Herriko bidea hartu zuen Gorka Izagirrek (Movistar Team), gaur, astelehena, Ordizian jokatuko den Ordiziako Klasikoan parte hatzeko. Champs Elyseeseko azken etapa osatzea falta izan zitzaion bere bederatzigarren Tourra bukatzeko. 

Movistar Team taldearendako Tour gogorra izan da aurtengoa, ez baitute ez etapa garaipenik lortu, Enric Mas liderrak Tourra utzi behar izan zuelako, COVID-19arengatik, etapa garrantzitsuetan eman beharreko maila eman gabe, eta bestelako trofeorik lortu ez dutelako. Imanol Erbitik ere COVID-19an positibo emateagatik utzi behar izan zuen bere hamahirugarren Tourra. 

Hain zuzen ere, egoera horretan ulertu daiteke Gorka Izagirrek Tourra bukatu gabe Euskal Herriratzea, Ordiziako Klasikoan garaipenagatik borrokatzeko. Atzo, igandea, Oier Lazkanok Valoniako Tourrean lortutako garaipenak oxigenoa eman dio talde urdinari, orain arteko garaipenik gabe WorldTour mailari eusteko zailtasunetan baitzegoen talde nafarra.