Saskibaloia

Ziordiko Saskibaloi Torneo Solidarioan primeran

Guaixe 2022ko uzt. 27a, 12:30

Guztira 27 neska-mutikok hartu zuten parte ekitaldian, eta Markel Carmonaren aldeko zozketan 22 sari zozketatu ziren

Larunbatean gustura aritu ziren Ziordiko Running Taldeak eta Ziordiko Udalak antolatutako V. Ziordiko 3x3 Saskibaloi Torneoan parte hartu zuten 27 gaztetxoak. “Adinka osatu genituen taldeak, maila parekatzeko” azaldu du Jose Ramón Ramirez antolatzaileak. Primerako giroan jokatu ziren partidak, parkean, eta, bukaeran auzate ederraz gozatu zuten guztiek. 

Saskibaloi txapelketan gaixotasun ultra arraroa duen Markel Carmona haur urnietarraren aldeko zozketa egin zen. Markel bera bere gurasoekin gerturatu zen Ziordira. Sari ederrak zozketatu ziren, 22 guztira: futbol eta saskibaloi taldeen kamisetak, Jon Arretxeren liburuak, rokodromorako sarrerak, itsasontzi paseoak Donostian, otorduak... eta bestelako sariak. Ramirezek gaineratu duenez, 550 txartel jarri ziren salgai, eta guztiak saldu ziren. 

Antolatzaileak oso eskertuta daude auzatea eta zozketa aurrera ateratzeko euren laguntza eman duten komertzioekin, txartelak erosi zituztenekin eta torneoko parte hartzaileekin, “garrantzitsuena Markelen beharrak laguntzen asetzeko bitartekoak lortzea baita”.