Ziordiko beheko auzoan txoko berezi bat dago: Mirarien Andre Mariaren ermita. XVI. mende inguruko eraikina da, baina mendeetan zehar hainbat zaharberritze izan dituena. Nabe bakarrekoa da, eta planta ia karratua da. Bi isurkiko estalkia dauka. Agian deigarriena da herriaren erdian dagoela da, ibaitik gertu.
Barruan 1570 urte inguruko eskultura dago: ama birjina haurrarekin. Errenazimendu estiloko XVI. mende erdialdeko erretaula bat ere badago, urre kolorearen gainean gorriz eta urdinez koloreztatua.
Baina, agian, ermitaren alderdi deigarriena da Ziordiko emakumeen bilgune izan dela belaunaldiz belaunaldi. "Betiko gauza bat, auzoko zerbait" dela esan dute gaur egun biltzen diren lau emakumeek, Gema Aguirre Arreguik, Erkuden Izaguirre Larrazak, Mari Carmen Arregui Aguirrek eta Juana Mugica Martinezek. Dena dela, ez dira bakarrak, izan ere, pasatzen den jendea ere gonbidatzen dute. "Agian norbait pasatzen da eta gurekin esertzen da".
Haien amen ohitura jaso eta jarraitu dute. Eulalia, Magdalena, Gorritxo, Angeles eta abar izan ziren aurretik bertan elkartzen zirenak. Beheko auzoko bizilagunak dira, "zerbaitek elkartzen zituen". Beheko auzoko emakumeak elkartzeko toki bat da. "Lehen etxetako atarietan elkartzen ziren, aulkiak ateratzen zituzten eta bertan egoten ziren. Toki gehiagotan elkartzen ziren". Baina, gaur egun, ermita bihurtu da emakumeen elkargune "bakarra".
https://guaixe.tokimedia.eus/imagecache/original/2022_22/7636/argazki/67236_1654367058.jpeg
Jostunak
Ermitan elkartzen direnean joste lanak egiten dituzte. Denak jostunak dira, eta nork bere txokoan bakarrik lan egin beharrean, bertara joaten dira, elkarren ondoan jostera. Ikasturtean zehar, urritik maiatzera, joskintza ikastaroa ematen dute Ziordian, eta udan Altsasura joaten dira, "bakoitzak nahi duelako". Orduan, asteko lanak egitera joaten dira ermitara. Bi edo hiru ordu pasatzen dituzte bertan, "agian bostetan etortzen gara eta zortziak arte egon".
Bertan pasatzen duten denbora ongi baliatzen dute, eta hainbat jantzi josten dituzte: neska jantzirako mantala eta zapiak, gortinak, kaikuak eta abar. Jostun bakoitzak bere gauzak eramaten ditu, baina behar izatekotan, elkarbanatzen dute. Gehienbat aholkuak elkarbanatzen dituzte, joste lanak ez ezik, "hitz egin ere egiten dugulako".
"Denetariko gaiei buruz hitz egiten dugu: sukaldea, errezetak, garbiketa trikimailuak…". Txutxu-mutxuak ere bai. "Ziordiko Salvamen zerbait gertatzen bada, hori ere komentatzen dugu". Beheko eta goiko auzoetan gertatzen dena komentatzen dute, baita erdikoan ere.
Zaindaria
Erkuden da ermitaren arduraduna. Bera arduratzen da ermita garbi egoteaz, mahai oihalaz... Norbait bisitan joaten denean atea irekitzen du eta berak erakusten du. Urtean zehar egin behar direnak antolatzeaz arduratzen da ere. Gemak loreekin laguntzen dio. Besteek garbiketekin laguntzen diote, baina arduraduna Erkuden da. Izan ere, ermitatik hurbilen bizi dena da, eta ia horregatik hartu zuen lana. Gainera, emakumeek aipatu dutenez, "hemen kargu bat hartzen duzuenean bizitza guztirako da". Ermitaren atariko plazatxoaz ere arduratzen da zaindaria. "Ni Sesiri laguntzen hasi nintzen, Ziordira bizitzera etorri nintzenean". Sesi Arregui Arregui 91 urteko emakumea da, eta ermitaren aurreko zaindaria da.
Azken hilabetetan ermita polita jartzen denbora gehiago pasa dute, abenduan izandako uholdeek eragina izan baitute eraikinean. "Ura aldarearen erdiraino iritsi zen". "Pena" ematen zuela azaldu dute emakumeek. Baina dagoeneko mezak eta bisitariak hartzeko prest dago.
Maiatzetik abuztu bukaerara arte edo irail hasiera arte, larunbat arratsaldeetan, mezak ermita honetan egiten dira. Ikasturtean zehar, ordea, Agerkunde Elizan egiten dira, "goiko elizan". Lehen mezak igandean egiten zirela azaldu dute emakumeek, baina orain herrian apaizik ez dagoenez, eta Altsasukoa etortzen denez Ziordira, ordutegi horretan egin behar dituzte.