Astekaria

"Dantza bat izateak ilusioa egiten digu"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko ira. 20a, 13:24

Amaiur eta Xabier Bengoetxea Ijurra dantzariak Ziordiko Zortzikoan.

Ziordiko Zortzikoa berreskuratu dute eta herriko festetan dantzatu zuten Amaiur eta Xabier Bengoetxea Ijurra dantzari ziordiarrek, Etorkizuna dantza taldeko dantzariekin.

Karlos Sanchez txistulari, arreglistak eta konpositoreak eta Haize Berriak bandak egin dute Ziordiko Zortzikoaren berreskurapenaren doinua, eta Iñaki Agirre dantzari eta dantza irakasleak dantza. 

1. Zer sentitu zenuten?
Xabier: Emozio handia. Gainera, Ziordia izanda eta plaza beteta zegoela eta jendea hunkituta ikustea… Oso hunkigarria izan zen.
Amaiur: Ilusio handia, eta oso hunkigarria izan zen. Zerbait berreskuratzea eta guk dantzatzea sekulako aukera da. Pozgarria. Ziordiarra izanda… Ziordin ere horrelako dantza bat egoteak, niri poz handia ematen dit. Horrelako dantza bat izatea ilusioa egiten dit.

2. Nola ikasi zenuten?
X.: Ziordiko pertsona batek ba omen zituen partitura batzuk, baina ez zegoen osorik. Orduan, horiek moldatu dituzte eta Haize Berriakek bandarako prestatu zituen. Iñaki Agirre dantza taldeko irakasleari pasa zioten musika eta berak egin du dantza.

3. Erraza izan da?
A.: Bai. Azkenean, Altsasuko zortzikoa ere ezagutzen dugu eta pausuak, nahiz eta bakoitzak bere gauzak dituen, oso antzekoak dira. Dantza eskolan gabiltzanez, erraza egin zaigu.

4. Zer suposatzen du zortzikoa berreskuratzeak?
X.: Kulturalki poz handia. Gure herriko, Ziordiko, tradizioaren parte da, eta galdu izana tristea da.
A.: Galduta zegoen zerbait berreskuratzeak niri, behintzat, poz handia ematen dit.

5. Zergatik galdu zen?
X.: Ez dakit, baina agian frankismoaren garaian izan zen. Ziordin euskalkia zegoen ere, eta urte horietan galdu omen zen.
A.: Egia esan, ez dakit istorioa. Emakume batek duela hainbat urte dantzatu zuen; aurreko egunean dantzatu ondoren etorri zitzaidan eta uste dut 1979an berak dantzatu zuela esan zidan, baina geroztik berriz galdu zen.

6. Bazenekiten zortzikoa existitzen zela?
X.: Azken urteetan hasi zen entzuten herriko pertsona batek partiturak zituela eta dantzariak izanda geure buruari galdetzen genion ea zergatik ez zen berreskuratzen. Beste herritan zortzikoak badaude, zergatik Ziordin ez? Udaleko kultur taldeak mugitu du berreskurapena

7. Orain, zer? Noiz dantzatuko duzue zortzikoa?
X.: Ziordin aurkeztu genuen eta hemendik aurrera noiz dantzatu airean dago. Ez dakigu Santa Agedan kintoek dantzatuko duten edo inauterietan ere dantzatuko den. Inauterietako pertsonaiak ere duela gutxi berreskuratu ziren. Hitz egin beharko dugu, jendeak ikasia beharko duelako eta agian guk irakatsi behar diegu.
A.: Herriko jendeari erakutsiko diogu, eta mugitzen saiatuko gara. Ez dugu berriz galtzea nahi.

8. Herritarrek ikasteko interesa dute?
X.: Bai, nik uste baietz. Gainera, Altsasun, adibidez, zortzikoak duen garrantzia ikusita nik uste jendeak ikasi nahi duela, nahiz eta dantza egiten ez jakin. Herriko kulturaren parte da, eta jendeari gustatzen zaio.

9. Beste herrietako zortzikoekin alderatuz, zertan nabarmentzen da Ziordikoa?
X.: Altsasukoa eta Etxarrikoa ezagutzen ditut eta dantzari izanda gehiago begiratzen dituzu, eta Ziordikoak zortziko desberdinen nahasketa duela esan daiteke.

10. Zer moduzkoa izan zen harrera?
X.: Gu urduri geunden, baina oso harrera ona izan zuen. Denbora nahikotxo daramate horren inguruan hitz egiten, eta ikusmina sortu zen. Jende gaztea bazegoen, baina gehienbat jende heldua zegoen. Beraiek ez dute aukerarik izan dantzatzeko galduta zegoelako, eta penarekin ikusten dute. Horregatik inauterietan egin nahi dute, herri guztiak dantzatzeko.
A.: Nik ez nuen horrenbesteko erantzunik espero. Dantzaren ondoren jendea etorri zitzaigun eta oso hunkigarria izan zela esan zigun.

11. Berreskurapenaren inguruko hitzaldia egin zuten. Egon zineten?
X.: Oporretan geunden, eta ezin izan genuen egon.