Astekaria

"Pertsonaiekin identifikatu ahal izatea gustatzen zait"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mar. 21a, 13:09

Peru Camara idazlea 'Galerna' liburuarekin, Donostian. UTZITAKOA

Peru Camara Altsasuko institutuko ingeles mintegian zegoen 'Galerna' bere lehenengo eleberria argitaratuko zutela jakin zuenean. Ostiralean Ziordiko liburutegian aurkezpena egin zuen.

Gehienetan, jendeak norberaren burua deskribatzean duen formakuntza akademikoa edo lana aipatzen dituela esan du Peru Camara idazleak. Hortaz, Camarak Arte Ederrak, ikus-entzunezkoen espezialitatea, ikasi zuen eta telebistan denboraldi batez lan egin ondoren, orain ingeles irakaslea da Altsasu BHIn. Hezkuntza proiektu batean lanean ari zela, gazteekin lan egitea gustatzen zitzaiola konturatu zen eta bere irakasle lehenengo lana Irurtzungo Atakondoan izan zen. Ondoren, Altsasura iritsi zen, "eta maitemindu nintzen: lekua, lankideak, ikasleak... Nirekin bat zetorren tokia zen. Oso zoriontsua izan naiz eta oso eskertua nago". Tartean, Galerna Donostian kokatzen den eleberri beltza idatzi eta argitaratu du, eta ostiralean, martxoaren 17an, Ziordiko liburutegian aurkeztu zuen, "ilusio handia egiten dit irakurleekin elkartzeak".


Peru Camara idazlea, ezkerrean, Ziordiko liburutegiko kafe tertulian. UTZITAKOA

Nola hasi zinen idazten?
Betidanik modu amateurrean gauzatxoak egin izan ditut: bideoklipak, dokumentalak eta abar. Konturatu nintzen istorio handiagoak pantailara eramatea ezinezkoa zela, eta arkatzak eta paperak hori egiten uzten dizute; zure imaginario pertsonala, barruko mundua, fantasiak eta abar jaso daitezke. Narrazio laburrak idazten hasi nintzen, eta esperientzia nahikoa lortu nuenean nobela bat idazteko urratsa eman nuen.

Nolakoa izan zen prozesua?
Oso prozesu dibertigarria izan zen. Nobela beltza modan jarri zen, gehien bat Eskandinaviakoa: Stieg Larsson, Camilla Lackberg, Asa Larsson, Jo Nesbo... Imaginario, narrazio estilo eta genero horretan sartuta, trama Donostian kokatzea erabaki nuen. Arrakastetan eta akatsetan oinarritutako esperimentazio prozesu bat izan zen, baina oso dibertigarria. Behin idatzita nuenean, literatura agente bati bidali nion.

Eta erantzuna baiezkoa izan zen.
Bai. Hiru kapitulu bidali nizkion eta interesatzen eta gustatzen zitzaiola esan zidan, eta dena bidaltzeko eskatu. Gogoan dut egun horretan institutuko ingeles mintegian nengoela Izaro Arakama lankidearekin. Oso hunkituta nengoen eta galdetu zidan ea zer gertatzen zitzaidan; agenteak oso mezu baikorra bidali zidala esan nion. Agentearekin aldaketa asko egin behar zirela adostu genuen, eta dena berridazten urtebete inguru egon ginen. Prest egon zenean, editorialera bidali genuen eta maketatu, azala aukeratu, azken ukituak eta nola salduko genuen erabaki behar izan genuen. Guretako gauza garrantzitsuenetariko bat Donostia zen, hiriaren markoa.

Zergatik Donostia?

"Ilunabarrean Donostiak zentzu misteriotsu eta ilunagoa hartzen du"

Nire bikotekidea Hernanikoa da, eta bertan bizi ginen. Paseo arratsalde batean izan zen. Asko aldatzen den hiri bat da, ilunabarrean irakiten dagoen turismoa desagertzen da, eta denak beste zentzu bat hartzen du, ilunagoa, misteriotsuagoa. Gainera, erraz ibili daitekeen hiri bat da eta trama bat gau batean gertatzeko aukera ematen du eta baditu toki oso adierazgarriak: Haizearen orrazia, Miramar jauregia, Atotxa dorrea, Aquariuma... Misterio atmosfera handia duten tokiak dira. Beste Donostia bat irudikatzeko aukera eman dit. Esaterako, Haizearen Orrazian pentsatzen nuen: imajinatu hilketa baten auzia ebatzi behar duzula ekaitza baten erdian. Hori da dibertigarriena ere, irudimena erabiltzea.

Zer gertatzen da Galernan?
Haizearen orrazian gorpu bat agertu da eta Aitor Intxaurraga forense hasiberria bere lehenengo eszenan dago. Oso urduri dago lana ongi egin nahi duelako. Denok gure lehenengo lan egunean sentitu izan dugun hori; pertsonaiarekin identifikatzeko aukera ematen du. Ia denak joan direnean ekaitza datorrelako, gorpua berbegiratzen hasiko da eta arrain hezur bat aurkituko du. Bertan gelditzen den Jaime Otamendi agenteari esango dio, eta Aquariumera joango dira itsas biologo bati galdetzeko. Bertan Eva San Pedro ezagutuko dute. Haritik tiratzen hasiko dira.

Zertan oinarritu zinen pertsonaiak sortzeko?
Nobela beltzean moda bat egon zen non pertsonaia nagusiak oso ezohiko ezaugarriak zituzten: oso jakintsuak, memoria fotografikoa zuten... Niri ez zaizkit horrelakoak gustatzen, ez naizelako pertsonaiarekin identifikatzen eta nobelatik ateratzen naiz. Aitor ahalik eta normalena izatea nahi nuen, Jaimek aitaren figura egiten du eta bere ibilbidea bukatzen ari da, Evak misterio bat du eta ez dakigu errugabea edo erruduna den...

Kritika soziala dago?

"Errealitateak fikzioa gainditzen du; gaur egun gaizkileek trajez janzten dira"

Nire helburua ez da leziorik ematea. Nobela beltza askotan auzo marginaletan kokatuta dago, baina nire ustez krimen larrienak boterean ematen dira. Nor da boterea Donostian? Eliza, politikariak, enpresariak... Horregatik hitz egiten dut beraiei buruz. Ez dut esan nahi politikari guztiak korruptoak direnik. Baina gaur egun kriminalek trajez jazten dira. Horrela atera zait, natural. Errealitatean gertatzen diren gauzak dira. Galerna publikatu eta bi astetara Kote Cabezudoren auzia atera zen. Argazkilari oso ospetsua zen eta modeloak erasotzen zituen. Errealitateak fikzioa gainditzen du, beti.

Bigarren zatia idazten ari zara?
Eta esklusiban: Aralarko santutegian hasiko da. Ibarrarekin eta bertako jendearekin inspiratuta, santutegian hasten den auzi bati aurre egin beharko diote pertsonaiek.