Basoberritze lanei akabera ziordiarrek eman zieten

Guaixe 2023ko api. 4a, 08:46

Haritzen landaketan parte hartu zuten ziordiarren talde argazkia. UDALA

Bertako haritzari lehentasuna emateko haritz amerikarrak moztu dituzte. Baso berritzeak 6,2 hektarea hartu ditu.

Altzania magalean dagoen basoan itur bedeinkatua edo batueko dago. Handik Ziordira joateko bidearen ertzean, Telegrafos parajean, zeuden haritz amerikar guztiak moztu ditu udalak. 2020-2021eko baso aprobetxamenduen udal planean jasota zegoen mozketa izan da. Moztutako zuhaitzen ordez bertako 7.000 kimu landatu dituzte, haritz kandudunak (Quercus robur) eta kandugabeak (Quercus petraea). Horietaz aparte, 250 kimu lizar, astigar,  gereziondo eta mikorrizatutako zenbait gaztainondo ere landatu zituzten. Baso berritze lanak ziordiarrek despeditu zituzten martxoaren 26an, domekarekin. Haien ardura izan zen azken 50 haritz kimuak landatzea. 

Lanek 50.000 euro inguruko aurrekontua izan dute. Basoberritzea egiteko Ziordiko Udalak foru administrazioaren 29.000 euro inguruko dirulaguntza izan du. Aurrekontua osatzeko 14.000 euro Rural Kutxaren gizarte ekintzako elkarlan hitzarmenaren bidez lortu ditu udalak. Inguru horretan zorua hobetu eta babesteko eta biodibertsitatea handitzeko eta CO2 isuriak konpentsatzeko modua izan da.