Mariatxia Ziordian

Guaixe 2023ko uzt. 10a, 12:51
Chuchin Ibañez mariatxia. CHUCHINIBANEZMARIACHI.ES

Uztailaren 21ean, ostirala, Chuchin Ibañez musikariaren kontzertua izanen da Etxaleku tabernan.

Nafarroan, Mirandan, jaio bazen ere, txikitatik musika mexikarrarekin lotura izan du Chuchin Ibañez musikariak; zazpi urterekin eta bere lehenengo txarro jantziarekin herriko festetan abestu zuen. 1978. urtean Jesus Fernandez Duo Gala taldearen sortzailearen eskutik Duo Gala Junior taldean sartu zen eta talde nagusiarekin nazioarte mailako birak egin zituen. 1980ko hamarkadako hasieran musika utzi eta futbolean hasi zen Chuchin Ibañez; baina 2000. hamarkada hasi aurretik bigarren musika zikloari hasiera eman zion. Ordutik, bi mila kontzertu baino gehiago eman ditu, eta uztailaren 21ean, ostirala, 20:00etan, Mexikoko doinuak Ziordiko Etxaleku tabernara iritsiko dira, Chuchin Ibañez mariatxiaren kontzertuan.

Etxaleku Tabernak uztaileko ostiral arratsaldetarako egitarau anitza antolatu du. Mariatxiaren kontzertua ez ezik, uztailaren 14an, Eztanda Txarangaren emanaldia izanen da eta uztailaren 28an, Mano Lenta eta DJ Miamiren saioa izanen da.