Txirrindularitza

Gorka Izagirreren atsedena

Guaixe 2023ko uzt. 17a, 10:01
Gorka Izagirre, Morzinen gora. GETTY SPORT / MOVISTAR TEAM

Alpeetako etapa gogorren ostean atseden jardunaldia du Frantziako Tourrak, erlojupekoaren etaparen bezperan

Movistar Team talde nafarra orain arteko Tourrik gogorrenetakoa bizitzen ari da, Bilbon jokatutako lehendabiziko etapatik Enric Mas liderra galdu eta gero. Beste bi baja garrantzitsu izan zituen talde nafarrak uztailaren 15ean Alpeetako Morzinen despeditu zen etapa menditsu eta gogorrean, Almeida eta Pedrero. Beraz, estrategia goitik behera aldatu behar izan du Eusebio Unzueren taldeak. 

Bere aldetik, Tourrean hortzak erakusten ari da Gorka Izagirre, ihesaldi saiakeretan sartuta eta bestelako lanetan. Gaur, uztailak 17, astelehena, bigarren atseden eguna du Tourrak, uztailaren 18ko erlojupekoaren esperoan. Txirridularitza zaleak orain arteko Tour lehiatuenaz ari dira gozatzen, Jonas Vingegaard (Jumbo) liderrak bikain erantzuten baititu Tadej Pogacarren (UAE) etengabeko erasoak. Liderrak 10 segundora dauka Pogacar sailkapen orokorrean, eta hirugarren Carlos Rodriguez (Ineos) gaztea da, 5:40ra. Gorka Izagirre 33. postuan dago, 1:40:40ra. 

Movistar, aldaketa handien aurrean
Movistar Team taldean aurten 23 txirrindularik despeditzen dute kontratua, tartean Gorka Izagirre eta Imanol Erbiti sakandarrek. Baja garrantzitsuak egongo direla aurreikusten da, soilik Enric Masek, Ruben Guerreirok, Oier Lazkanok, Alex Aranburuk, Vinicius Rangelek, Ivan Romeok eta Sergio Samitierrek baitute 2024rako kontratua. Zurrumurruen makina martxan dago eta Carlos Rodriguez, David Formolo, Pelayo Sanchez, Xabier Mikel Azparren, Carlos Canal, Remi Cavagna, Garcia Pierna... dira entzuten diren izenetako batzuk.