Rosa Emerita Jimenez Jimenez Ekuador hegoaldeko Amaluza herrian edo bertan deitzen den bezala parrokian jaio zen. Epindola eskualdean dago Amaluza , Loja probintzian; eta Rosak azaldu duenez, bere jaioterriak 7.000 biztanle inguru ditu, "herri handi xamarra da". Ez zen herrigunean bizi, baizik eta hamar bat minututara. Amaluza mendi inguru batean dago, eta bi ibaik zeharkatzen dute herria, "menditik jaisten direnak". Zerbitzuen aldetik, "oinarrizkoak" daudela esan du Rosak: "Lojara, hiriburura, eta hirietara joateko garraioa badago". Loja probintziako hiriburua da, "hemen Iruñea bezala".
Anaiaren urratsak jarraituta iritsi zen Ziordira Rosa, duela "asko". "Duela 22 urte iritsi nintzen. Hasieran, anaia etorri zen, eta ni beragatik etorri nintzen". Lehengusu bat etorri zen lehendabizi: "Anaia lehengusua etorri zelako etorri zen. Hemen urtebetez lanean egon zen, eta gero ni etorri nintzen. Iritsi nintzenetik bizi izan naiz Ziordian; ez naiz mugitu". Ziordira iritsi zenean, "ez nekien zehazki nora etorri nintzen. Anaiak zerbait kontatu zidalako; bestela, ez nekien nora etorri nintzen". Patuaren "gauzakedo" izango zirela uste du: "Gustatu zitzaidan; ongi nago".
Hasieran, adaptazioa "zaila" izan zela aitortu du Rosak, "azken finean, beste herrialde bat da, beste ohitura batzuk, familia urruti izatea...". Hasieran gehien faltan nabaritzen zuena familia zela esan du; eta ahal duenean Ekuadorrera joaten dela aipatu du, "duela urtebete inguru joan nintzen, eta hiru hilabete egon nintzen".
Ibiltzera
Rosari paseatzera joatea gustatzen zaio, eta ibiltzera joateko toki gogokoenetakoa Txopera da: "Hemendik hona, gora eta behera, ibiltzen naiz". Mendian ere ibiltzen da, Olaztiraino joaten da, eta harrobiaren bide "horietatik" ere ibiltzen da.
"Ur jauzia dago, saskibaloira jokatzeko pista, haurrendako parkea, bazkariak eta afariak egiteko gunea..."
"Ur jauzia dago, saskibaloira jokatzeko pista, haurrendako parkea, bazkariak eta afariak egiteko gunea...". Rosak esan du aisialdia pasatzeko toki egokia dela Txopera: "Lasaia da, hona etortzen zara, eta aire zabalean zaude". Duela zenbait urte bizikleta hartuta joaten zen, baina orain paseatzera Ziordiko parkera joaten da "Ibaiari begira egoten naiz, ahateak dauden edo ez, ea uretako animaliak aurkitzen ditudan...". Urtaroaren arabera ibaia "asko" aldatzen dela aipatu du Rosak, baita urte batetik bestera ere. "Aurreko udan ez zegoen urik; aurten, behintzat, ura dario". Uholdeak ere izaten dira parkean.
"Toki honen argazki asko ditut; urtaroaren arabera desberdina da"
Txopera bisitatzea gustatzen zaionez, toki berean ikuspegi eta paisaia desberdinak ikusteko aukera du Rosak: "Elurtuta dagoenean, esaterako, oso desberdina da. Toki honetako argazki asko ditut; denak, desberdinak".