Ziordiko Jai Batzordea

"Ziordiar guztiengana iristen saiatu gara"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko ira. 12a, 14:17

2023ko Ziordiko Jai Batzordeko kideak.

Errekartean elkarteko sei kidez osatutako Jai Batzordeak antolatzen ditu Ziordiko festak.

Aurten Imanol Urra, Alaitz Ruiz de Luzuriaga, Iñigo Otxoa, Maider Perkaz, Sandra Perez eta Asier Ormazabal arduratu dira festen antolakuntzaz.

1. Jai Batzorde batek antolatzen ditu Ziordiko festak. Nola osatzen da batzordea?
Errekartea elkartearen egoitza udalarena da, eta udalak baldintza batekin utzi zion elkarteari: elkarteak urtero festak antolatu behar ditu. Orduan, elkarteko bazkidea bazara, ustez herri ia osoa garela, zenbait urtetik behin festak antolatzea egokituko zaizu. Urtero jai batzordea osatzeko sei kide aukeratzen dira. 

2. Noiztik antolatzen ditu festak elkarteko jai batzordeak?
Elkartea sortu zenetik, 1980ko hamarkadan, duela 40 bat urte. Hori da udalak jarri zuen baldintza. Berdin dio zein alderdi dagoen udalean; baldintza hori betetzen da. 

3. Ez da oso ohikoa, ezta? 
Ez. Urdiaindarrekin hitz egiten esaten zuten udalak antolatzen dituela festak; Altsasun ere udalak antolatzen ditu eta gero peñak eta abar daude... Agian bakarrak gara. Gaztetxeak ere bere egitaraua prestatzen du. Baina beste guztia guk. 

4. Udalak aurrekontu bat ematen dizue, eta horrekin festak antolatu behar dituzue.
Hori da, bai. Mirariak egiten, egia esan. Aurten musika aurkitzea asko kostatu zaigu. Aurrerapen handiarekin jarri ginen harremanetan taldeekin, baina oso garesti dago dena. Jatekoari garrantzia handia eman diogu ere: herri afaria, herri bazkaria, kalderete lehiaketa, haurren bazkaria, jubilatuendako luntxa... Gauzak asko garestitu dira, baita kultur arloan ere, eta aurrekontutik pasatu gara eta gehiago eskatu behar izan dugu, bestela, ezinezkoa zen. Guztira, 29.194 eurokoa izan da. 

5. Herrian gustu eta adin desberdineko jendea dago, nola antolatzen dira festak?
Herritar guztiengana iristen saiatu gara. Egia da egitarauan nahiko markatuta dagoela: asteazkena bezpera izan zen, hurrengo egunean haurren eguna eta, beraz, haurrei bideratutako ekimenak egon ziren eta gaur, ostirala, jubilatuen eguna da eta, beraz, beraiendako ekimenak nagusi izango dira. Hori betikoa da, eta beste egunetan anitza izatea saiatu gara. Goizei bizitza ematen saiatu gara ere, azken urtetan pixka bat galduta zegoela, eta ekimen desberdinak antolatu ditugu goizetan ere festak direla ikusteko. Kalderete lehiaketa oso arrakastatsua izan da, eta kirola ere presente dago: pilota eta txirrindularitza probak sartu ditugu. Baina oso zaila da.

6. Zenbat denbora egon zarete festak prestatzen?
Denbora asko izan da. Otsailean biltzen hasi ginen, eta datozenei esango diegu lehenago biltzen hasteko, urrian edo azaroan, gehienbat musikagatik. Nahi genuen talde ezagunen bat lortzea, baina ezin izan dugu. 

7. Festak irailean izatea ona edo txarra da?
Agian kalte egiten du. Jende askok jaiegunak eta oporrak hartzen ditu, baina haurrak ostegunean ikastetxean hasi dira eta azkenean astegunetan nabaritzen da. 

8. Nobedaderik? 
Haurrendako nahiko ekimen antolatu ditugu eta jubilatuendako bazkariaren ordez luntx bat eta Nafarroako joten emanaldia antolatu dugu, gaur egungo jubilatuek ez dutelako nahi jubilatu sentitu. 

9. Festak berdin gozatzen dira antolakuntzako kide zarenean?
Ez! Inola ere ez. Ziordiko festak izugarri gustatzen zaizkigu, eta aurten lehenbailehen pasatzea nahi dugu. Azkenean, dena antolatzen dugu eta, esaterako, herri afarian guk zerbitzatzen dugu ere, egunero gazta eta ardoa banatu behar dugu eta seiak egon behar gara. Gauza asko dira. Seien artean antolatu gara tarte libreren bat izateko; disfurtatzen saiatuko gara.

10. Kritikak jaso dituzue?
Zorion mezuak, baita kexak ere. Orokorrean zoriondu gaituzte: edukiengatik eta egitarauaren diseinuagatik. Jendea orokorrean pozik dago. Kexak, azkenean, betikoak dira: herri txiki bat da, eta "urterokoa" dela esaten dute. Hori beti entzungo da. Egia da urteroko gauzak daudela, baina saiatu gara gauza desberdinak egiten ere. 

11. Zuek bota zenuten txupinazoa.
Seiak batera lehenengoa, eta gero bakoitzak suziri bat. Talde lana izan da, eta taldean bota genuen. Udalarekin hitz egin genuen aurreko norbait bereziaedo aukeratzeko, baina ez genekien nori esan. Orduan, pentsatu genuen hoberena jai batzordeak botatzea zela, herritar guztien izenean. Ziordiar guztiak direlako bereziak. 

Erlazionatuak