Txirrindularitza

Gorka Izagirre, anaiarekin Cofidisera

Guaixe 2023ko ira. 25a, 11:40

Gorka Izagirre aurtengo Amstel Gold Race Klasiko ezagunean. MOVISTAR TEAM

Erronka berriarekin “oso pozik” dagoela aitortu du Gorka Izagirrek

Movistar Team taldearekin zuen kontratua aurten despeditzen zaio Ziordian bizi den txirrindulari gipuzkoarrari eta Gorka Izagirrek erabakia hartu du: datorren urtean Cofidis taldera joko du, Ion Izagirre anaiarengana. Gorkak 2024ko kontratua sinatu du talde frantziarrarekin. 

Gorka Izagirrek 35 urte ditu, palmares ederra eta Cofidisen bere esperientzia handia eskainiko du. “Oso pozik nago erronka berriarekin. Plantillako kideekin izan dudan hartu emana ona izan da. Talde berria, herrialde berria eta hizkuntza berria ditut aurretik, eta ahal dudan guztia emango dut. Ionek oso ongi hitz egin dit taldeaz, eta plazera izango da bertako kide izatea” azaldu du Gorka Izagirrek. 

Cofidis taldeko zuzendari Cédric Vasseur pozik dago fitxaketarekin. “Taldearendako balio handia izango da. Gorkak eta Ionek dirdira egin dute maillot berbera jantzi izan dutenean, eta Cofidiseko maillotarekin poz handiak ekarriko dituztelakoan nago”.