Astekaria

"Ez nuen irabaztea espero; baina hor goian egon nahi nuen"

Maider Betelu Ganboa 2023ko urr. 19a, 13:00

Iratxe Lapuente, Iruñea Gares maratoian. UTZITAKOA

Irailaren 17an Iruñea eta Gares arteko irristaketa maratoian lehen juniorra izan zen Iratxe Lapuente Perez irristalari ziordiarra

Irailaren 17an P2P Nazioarteko Abiadura Irristaketa Maratoia jokatu zen, Iruñean hasi eta despeditu zena (42,195 km). Irristaketa maratoi eder eta gogorrenetakoan Lagunak klubeko Iratxe Lapuente  Perez ziordiarrak lan ikusgarria egin zuen eta 17 urterekin junior mailako txapelduna izan zen, bigarren urtez jarraian.

Noiz hasi zinen irristaketan?
Olaztin hasi nintzen, 3 urte nituela, Juli Acebesekin. Ane ahizpa ere aritzen zen. Beranduago Sakana Patin Taldera salto egin genuen, lehiaketa taldera, Oscar Zamarronekin. Eta 2019 urtean Barañaingo Lagunak taldera joan nintzen, pistan entrenatu ahal izateko. Sakanan betidanik egon gara irristaketa pista eskatzen, baina ez da egiten. Lehiaketan aritzeko, hobetzeko eta aurrera egiteko pista batean entrenatu beharra dago, frontoi batean ezinezkoa delako. Eta horregatik joan nintzen. Orain arte Leire Merino zen nire entrenatzailea, baina aurten Borja Navarrorekin ari gara. Aurre denboraldian astean hiru egunez entrenatzen dugu, eta denboraldian astean lautan.

Distantzia motzak ala luzeak, zer nahiago?
Laburretan moldatzen naiz hobeki, abiadura lasterkaria naizela esango nuke. Hala ikusten dut neure burua, nahiz eta gero maratoiak egin eta iraupen lasterkaria ere izan. Pistan eta zirkuituan abiadurako lasterketak gustuko ditut. Iraupeneko probetan kanporaketa proba oso gustuko dut, baina bestea, puntuaziokoa, ez horrenbeste. 

Zer moduz doa denboraldia?
Batxilergoko bigarren mailan nago, eta ikasketekin batera Iruñeko joan etorriak egitea eta guztia uztartzea zaila egiten da. Ahizpak ikasturte horretan utzi zuen irristaketa, pentsa. Bestalde, denboraldiarekin ez naiz kexatuko, baina gehiago espero nuen. Nafarroako Txapelketetan bost domina lortu nituen, baina Espainiako Txapelketetan seigarren postua izan zen aurten egin nuen onena. Aurretik bi domina dauzkat. 2018an Sakana Patinen nenbilela brontzezkoa lortu nuen 3.000 m puntuazioan, eta 2019an Lagunak taldearekin zilarrezko domina lortu nuen 500 m esprintean. Hobetzea eta Espainiako Txapelketetan lan hobea egitea gustatuko litzaidake, baina oso zaila da, maila altua delako. 

Irristaketak gora egin al du?
Nafarroan nik uste behera egin duela zertxobait. Eta Sakanan badirudi haurrei kosta egiten zaiela lehiaketa taldean sartzea. Izena ematen dute, baina irristaketan ikasi eta entrenamendu gisa, baina lehiaketa taldetan sartzea kosta egiten da, Iruñera joan behar baita entrenatzera. 

"Balorazioa positiboa da, baina Espainiako Txapelketetan hobetu nahiko nuke"

Irailaren 17an  P2P Nazioarteko Abiadura Irristaketa Maratoia jokatu zen, Iruñean hasi eta despeditu zena, eta junior mailan irabazi zenuen, bigarren urtez jarraian (1:28:12). Emakumezkoen sailkapen orokorrean zortzigarren izan zinen, eta probako sailkapen absolutuan 62. Kontentu egongo zara, ez?
Bai, oso pozik nago. Probak maila handia du, eta oso ezaguna da. Maratoi hau gustuko dut. Ez dut lehiaketa gisa ikusten, disfrutatzera joaten naiz. Oso pozik nago. 

Joan zen urtean 16 urte zenituela juniorren mailan irabazi zenuen, eta aurten errepikatu duzu. Ikusgarria da. 
Beste kirol batzuetan junior edo jubenil maila berbera da, baina irristaketan jubenil mailatik junior mailara igotzen da. Hortaz, joan zen urtean ni jubenila nintzen, baina maratoian parte hartu nuen. Aitak eta biok antolakuntzarekin hitz egin, eta juniorren mailako irabazle izendatu ninduten, nahiz eta kategoria bat beherago aritu. Baina, aurten, 17 urterekin juniorra naiz eta trofeoa irabazi dut. Oscar Zamarronek ere parte hartu zuen.

Eskerrak abiadurazko probetan hobeki ibiltzen zarela, bestela...
(Kar, kar...). Oso ezberdina da pista bati bueltak ematea edo maratoia egitea. Erresistentzia, abiadura, teknika... gauza asko dira. Pistan eta zirkuituan teknika erabatekoa da, hor fintzen dira ehunenekoak. Maratoian, aldiz, garrantzitsuagoa da erresistentzia izatea, aldapak ongi entrenatzea, aldapa beheretan beldurrik ez izatea eta halakoak. 

Maratoian bigarrenez junior mailan irabaztea espero al zenuen?
Espero, ez; baina hor goian egon nahi nuen. Lasterketetan oso urduri jartzen naiz eta oso gaizki pasatzen dut, baina maratoietan lasaiago nago eta horrek mesede egiten dit. 

Hemendik aurrera, zer?
Zirkuituan entrenatzen ari gara, eta denboraldia bukatzen ari gara. Liga Nazionalean joan zen denboraldian bigarren mailatik hirugarren mailara jaitsi ginen, eta aurten bigarren mailara igotzeko borrokan gaude. Bi talde igotzen dira, eta horietako bat Amaya izango da, beharrezko puntuak dituelako. Bigarren postuagatik borrokan gaude gu, Lagunak taldea, Madrilgo Patin de Ororekin. Duela bizpahiru aste Castellonen lehiatu ginen, eta asteburuan azken jardunaldia jokatu genuen Oviedon. Hor erabaki zen gutako nor igotzen den bigarren mailara. Eta geroago, azaroaren 12an, Behobia-Donostia egingo dut. 

Denboraldiaren zer nolako balorazioa egiten duzu, orokorrean?
Positiboa. Pozik nago baina beti hobetu daiteke. Ilusio hori ere izan beharra dago, gehiago motibatzeko. 

Eta hori guztia gutxi ez balitz, Ziordian txikienak entrenatzen hasi zara, ezta?
Bai, duela bi aste hasi nintzen. Astearteetan eta ostiraletan irristaketan trebatzen irakatsiko diet zortziren bat haurrei. Ez dut aspertzeko betarik.