Sakana bizigarriagoa irudikatzen duten ipuinak

Guaixe 2023ko aza. 6a, 09:01

Saritu, antolatzaile eta laguntzaileen talde argazkia.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak IV. Zurrumurruen kontrako ipuin lehiaketako sariak banatu zituen lastailaren 30ean. Saritutako ipuinak jasotzen dituen liburuxka ikastetxeetan eta liburutegietan dago, irakurri nahi dutenen eskura.

Anitzarteaneko Begoña Zestau Baraibar gizarte hezitzaileak ipuin lehiaketako sari banaketaren aurkezpenean azaldu zuenez, Zurrumurruen Kontrako Nafarroako Sareko Zaskako kideak aritu dira epaile. Eta aurkeztutako "ipuinen maila altua" nabarmendu dute. "Helburuak kontutan hartuta, lehiaketara aurkeztutako ipuinetan zein maila altua dagoen errepikatzen dute urtero". 

Aurten 18 lan aurkeztu ziren lehiaketara. Epez kanpo aurkeztu edo lehiaketako baldintzak ez betetzeagatik, hainbat idazlan kanpoan gelditu direla jakinarazi du gizarte hezitzaileak. Guztiek ere idatzien bidez sakandarrak zurrumurruen eta estereotipoen  inguruan hausnarketa egitera gonbidatu behar zituzten. Baita migratzaileekiko ditugun aurreiritziak desegitera ere. Aldi berean, idazleek elkarbizitza sustatzen duten beste eszena toki batzuk irudikatu behar zituzten ipuinen bidez, "dagoeneko zurrumurruetatik libre dagoen ibarra, giza eskubideak defendatu eta bermatzen dituena, elkarbizitza positiborako pausoak ematen dituena...", zehaztu du Zestauk. 

Guztira hamaika sari banatu ziren, aurreko urteetan saritutako batzuek aurten ere saria jaso dute. Ipuin horiekin liburuxka argitaratu du Anitzarteanek. Saritu bakoitzak ale bana jaso du, eta gainontzekook ipuin horiek irakurri nahi izanez gero, "ipuinetako eszena toki horiek ikastetxe eta liburutegietan izanen ditugu eskura". Bigarren urtez jarraian argitaratu ditu zerbitzuak ipuinak liburuxka batean. Zestauk gonbidapen bikoitza egin du, ipuinak irakurtzeko eta heldu den urteko edizioan parte hartzeko. 

Zestaurekin batera, Rosa Mendoza Arregi Ziordiko zinegotziak eta Anitzarteaneko batzordeko eta Sakanako Dendarien, Ostalarien eta Zerbitzuen elkarteko Estibaliz Asensio Elorzak eta Amaia Mendoza Arregik banatu zituzten sariak. Irabazleek elkarteko establezimenduetan eskuratuko dituzte sariak. Horretarako, azaroa dute. Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketarako Departamentuaren laguntza izan du lehiaketak. 

Sarituak

Gaztelaniaz

16 urtetik gorakoak

Saritua    Ipuina     Saria

1. Izaskun Salinas Burillo         Irati      200 euro

2. Abderrahim Klhifi                  El Viaje de la interculturalidad  150 euro

3. Nora Bourzik Farih                Nora     100 euro.

16 urtetik beherakoak 

1. Oussama Missaoui Oulalit   Soren   100 euro

2.  Ayman Missaoui Oulalit      Bruno     75 euro

3. Julen Larraza Salinas           La Gran Tormenta   50 euro

Euskaraz

16 urtetik gorakoak

1. Martin Larraza Kintana          Yaya     200 euro

2.  Farah Khlifi Roubi                  Marmoka    150 euro

3.  Aiora Larraza Salinas            Irria     100 euro

16 urtetik beherakoak

1. Tahani Brahim                         Geldi     100 euro

2. Tania Otero Madinaveitia       Perfektuaren kostua   75 euro