Astekaria

Familiaren eleberria

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko aza. 15a, 12:31

Mila Martinez Jaurrieta '¡Ay ene!'-ren egilea, liburuarekin. UTZITAKOA

'¡Ay ene! Ziordia, Villafranca y Txantrea en el corazón' liburua aurkeztu zuen Mila Martinez Jaurrieta idazleak azaroaren 10ean Ziordiko liburutegian. Gertuko istorioetatik abiatuta gerran oinarritutako "intrigazko" nobela idatzi du.

"Ai ene!" sorpresa atseginak eta desatseginak adierazteko "askotan" erabiltzen den esamolde bat da, eta horregatik Mila Martinez Jaurrieta idazleak bere lehenengo eleberriaren izenbururako aukeratu zuen: "Familian erabiltzen zen adierazpen batean pentsatuz ai ene atera zitzaidan, etengabe ahoskatzen den adierazpen bat. Familian hainbeste gertakizunen aurrean askotan esango zutela uste dut". Liburuaren izenburu osoa ¡Ay ene! Ziordia, Villafranca y Txantrea en el corazón da, Martinezen hiru lekuak: "Nire aita Ziordikoa zen eta nire ama Villafrancakoa. Nire senideen herriak dira, beraz, Ziordia eta Villafranca. Ni Txantrean jaio nintzen, nire gurasoak ni jaio nintzenean hemen bizi zirelako eta Txantrean jarraitzen dut". Azaroaren 10ean eleberriaren aurkezpena egin zuen Ziordiko liburutegian.


Mila Martinez idazlea Ziordiko liburutegian liburuaren aurkezpena egiten. ZIORDIKO LIBURUTEGIA

Idazteko zaletasuna "betidanik" izan duela esan du Martinezek. "Baina filosofia irakaslea izan naiz institutuetan, ama izan naiz, eta amatasunak eta lanak ez zidaten denbora asko uzten idazteko". Filosofiako klaseetarako testuak idazten zituen, "urtero filosofiaren inguruan asko idatzi dut; zaletasun hori izan dut". Baina "inoiz" ez zuen planteatu publikatzeko moduko zerbait idaztea: "niretzat egiten nuen, afizioagatik, besterik ez". Bestetik, ¡Ay ene! Ziordia, Villafranca y Txantrea en el corazón liburuaren istorioa ere "betidanik" izan du buruan, eta duela urte asko kontatu nahi zuen. "Familiako historiari buruz galdetzen hasi nintzenean protagonistek oroitzerakoan asko sufritzen zutela konturatu nintzen, eta azkenean hori ulertu eta aurrerago egingo nuela pentsatu nuen". 

Duela bi urte iritsi zen unea: "Ikerketarekin hasi nintzen. Familian gertatu ziren gertakizun latzetan oinarritu naiz, baina gaiaren inguruan dokumentatu naiz, hemeroteketan, artxiboetan, datu historikoetan eta abarretan". Errealitatearen eta fikzioaren arteko nahasketa egin du idazleak, "eta seguraski horrela gertatu ziren eta ez nekien egoera asko irudikatu ditut, baina nituen datuekin pentsatu nahi dut posibleak izango zirela".

Eleberria
Filosofoa denez "filosofiatik zerbait" daukala esan du Martinezek, "baina eleberri bat da". Gainera, intriga eta suspentsea sartu du, "pixka bat engantxatzeko", eta liburua dagoeneko irakurri dutenek esan dutenez, "erraz irakurtzen da".

Spoilerrik egin gabe, familia istorio bat kontatzen du ¡Ay ene!-k: "Familia guztietan daude gertakizunak, batez ere gerra eta frankismo garaian. Familia guztietan gertatu dira gauzak eta guztietan daude isiluneak, tabuak eta ezbeharrak kontatu nahi izan ez dituztenak". Martinezen familian, "askotan bezala", gertaera "latzak" daude, "ustekabeak eta biolentoak", eta bere familiaren konposizioa "nahiko berezia" da gainera. "Ez da familia tradizional bat, ezkontzetan gurutzeak daude, horregatik historia berezia zen eta familiako gauza hauek ezagunei kontatzen nizkienean esaten zidaten kontatu behar nuela, oso berezia zela". Horregatik ere liburua idazteko gogoa sartu zitzaion. "Isildutako istorioa izan zen eta nerabe nintzenean enteratu nintzen. Gauza horietaz jakitea oso gogorra izan zen niretzat, gurasoen inguruan ez nekizkien gauzak, eta inflexio puntu bat izan zen nire bizitzan".

Eleberria idaztea ez dela zaila izan azaldu du Martinezek: "Idaztera oso ohituta nagoelako, eta beste alde batetik, istorioa hau urte askotan buruan izan dudalako". Zer kontatu nahi zuen bazekien, eta horregatik ez da idaztea zaila izan. "Baina emozionalki gogorra izan da". Irakurleek esan diotenez eleberriak "emozio" hori transmititzen du, eta jendeak negar ere egin du irakurtzerakoan. "Nik ere negar egin dut, farra egin dut, asko hunkitu naiz eta, azkenean, oso polita izan da". Askatzailea izan da, "liburua ateratzean asetuta gelditu naiz".

Liburua idazten hasi zenean berarendako izango zela uste zuen idazleak, "nire familiarendako, lagunendako... ez nuen argitaletxe batera joatea pentsatu". Baina argitaletxe baten batekin kontaktatu behar zuela esaten zioten eta azkenean konbentzitu zuten: "Argitaletxe batek, Papeles del duendek, berehala erantzun zuen". Nobela idatzita bai, baina izenburua jartzerakoan "kostatu" zitzaiola esan du Martinezek. "Izenburuarekin eztabaidak izan genituen izenburu egokiena lortzeko". Adierazpen "familiar" bat pentsatuz Ai ene! atera zitzaion, "zonaldeko jendeak dakienez, etengabe esaten den adierazpen bat da. Bai sorpresa atseginen edo desatseginen aurrean". Familian izandako gertaerekin askotan esango zutela uste du idazleak.

Azalean, berriz, emakume bat agertzen da. June Lizarraga argitaletxeko ilustratzaileak egin du irudia, "eta gustatu zitzaidan. Istorioa, azken finean, emakume indartsuen istorio bat da. Gerra eta gerra ostean bizi izan ziren emakumeak, alarguntasuna, tristezia...". Azalak eleberrian kontatzen dena ongi islatzen duela esan du Martinezek.

Ziordia
Liburuaren "herena" Ziordian gertatzen dela aurreratu du idazleak. Herriarekin harremana mantentzen du: "Urtean behin, gutxienez, festetan egun batean beti, joaten naiz. Lehen izeba bizi zenean gehiago joaten nintzen, baina lehengusu-lehengusinekin harremana daukat eta askotan elkartzen gara". Azaroaren 10ean Ziordiko liburutegian egon zen liburua aurkezten, eta, esan duenez, ziordiarrei istorio asko ezagunak egingo zaizkien arren, beste batzuk ezezagunak izango dira.


Mila Martinez idazlea Ziordiko liburutegian liburuak sinatzen. ZIORDIKO LIBURUTEGIA