Astekaria

"Lasterketaren egunean jende askok laguntzen du antolakuntzan"

Guaixe 2023ko aza. 29a, 14:00

Jose Ramon Ramirez Lopezen lana aitortu dute.

Jose Ramon Ramirez Perez Ziordia running taldea
Sakana Sarien herritarren aipamena jasotzeko zortzi hautagaitza zeuden. 1.500 sakandarrek baino gehiagok eman dute botoa, gehien Ziordiko ekimenak jaso du

Kirol jarduerak eta elkartasun ekimenak sustatzen dituen taldearendako izan da Sakana Sariko herritarren aipamena. Bederatzi urteko jardunean Paris 365 jantokirako eta haren elkartasun biltegiarendako 10.000 kilo elikagai lortu ditu. Babestu dituen elkartasun ekimenendako, berriz, 80.000 euro baino gehiago eskuratu ditu. Gainera, Ziordia ezagutzera eman du. Taldearen bihotz eta arima Jose Ramon Ramirez Perez da. 

Zer moduz hartu duzu saria?
Jendeak egindako lana aitortzeak ilusio handia egin digu. 

Noiz sortu zen taldea?
Lau lagunek osatu genuen 2014an: Jorge Azanzak, Juanjo Otsoak, Raul Mendozak eta nik. Hortik barna antolatzen ziren lasterketetan korrika egitera joaten ginen. Eta pentsatu genuen: "eta zergatik ez dugu herrian zerbait egiten?" Lasterketa bat antolatzeak gastuak eta inbertsioa eskatzen du. Udalarekin hitz egin genuen eta "aurrera" esan ziguten. Gauzak prestatzen hasi eta 2014an lasterketaren estreinako edizioa antolatu genuen. 

Gaur egun bakarrik zabiltza?
Batzuk lanagatik, edo kanpora bizitzera joan zelako, taldea utzi zuten. Hasierako taldetik gelditzen den bakarra ni naiz. Ni arduratzen naiz guztiaz, prestaketak eta antolaketa, babesleekin harremana, dena nire bizkar dago. Nahiz eta jendeak prestatzen laguntzen didan. 

Eta inork ez du taldean sartu nahi?
Momentuz bakar batek ere ez. Ea zortea dagoen eta bakarren batek lekukoa hartzen duen. Lan handia da eta, azkenean, asko erretzen du; ordu asko dira. Ea zortea dagoen eta taldera jende gehiago sartzen den. Gehiagoren artean antolakuntza lana errazagoa litzateke. 

"Batez ere lasterketa prestatzea da gehien kostatzen zaidana"

Beraz, plangintza egitea garrantzitsua da. 
Lasterketa maiatz edo garagarrilean bada, beharbada babesleak bilatzen ilbeltzean hasten naiz. Ondoren kartelak egin behar dira. Batez ere lasterketa prestatzea da gehien kostatzen zaidana. 

Behintzat laguntzaileak dituzu!
Bai, bai. Lasterketaren egunean jende askok laguntzen du antolakuntzan. Aurreko egunetan sarien poltsak prestatu behar dira. Lasterketa egunean bidegurutzean trafikoa arautu behar da, dortsalak banatu, merienda prestatu... Egunean bertan 30 edo 40 pertsona behar dira. Eta beti ditut. Ia beti berdinak dira. Mezuak bidali eta ia gehienek baiezkoa erantzuten dute. Jendea faltaz gero kopurua osatzeko bilatu, eta kitto. Ziordiko Udalaren laguntza dugu, gasturik balego berak ordainduko luke.

Egutegia zehaztuta duzu?
Maiatza akaberan edo garagarrila hasieran lasterketa. Garila akaberan saskibaloi txapelketa, beti Markelen aldeko txartelak saltzen dira. Festetan, behar bada, futbol partidaren batzuk. Urtean hiruzpalau kirol ekitaldi ditugu Ziordian. 

Sare sozialetan oso aktiboa zara. 
Bai. Sareek bizi handia ematen digute. Esaterako, antolatutako zozketetako txartelak Valladoliden, Madrilen, Bartzelonan, Zaragozan, Bilbon eta beste hainbat tokitan erosten dizkigute. Sare sozialen bidez jende askok ezagutzen gaitu. Eta lasterketara jende asko etortzen da sareen bidez ezagutu gaituztelako. Garrantzitsua da. 

Bestela, beste lasterketa bat gehiago litzateke?
Bai. Inguruan dauden herri txikietako lasterketetan parte hartzea txikia da. Beraz, eragina dauka sare sozialetan aktiboa izateak, ezagun izateak eta jendeak egiten duzun lana ezagutzeak. Elkartasun ekimena denez, apika errazagoa da jendeak bat egitea. Niri sareek, pertsonalki, asko laguntzen didate. 

"Lasterketara jende asko etortzen da sareen bidez ezagutu gaituztelako"

Lasterketarekin hasi, baina ez zarete horretara mugatu, ezta?
Ez, futbol eta saskibaloi txapelketak ere antolatzen ditugu. Eta festetan, batzuetan, haurrendako jolasen batzuk antolatzea ere eskatzen digute. 

Guztia elkartasunera bideratuta. 
%100, beti. Zozketarako txartelak ez badira jakiak eskatzen ditugu. Lasterketan parte hartzen dutenei lau kilo jaki emateko eskatzen diegu beti. Hori Paris 365 jantokiarendako da. Ongintzako fundazioren batendako zozketaren bat ere egiten dugu: Dravet edo Rett sindromea fundazioak, edo arazoren bat duen umeren baten alde, esaterako Markel.  

Jakinda emaitzak lortzen dituzula, laguntza eskaerak jaso dituzu?
Antolatzen interesa dutenen proposamen asko jaso ditut. Baina guztiak laguntzea oso zaila da. 

Eta beste nonbaiten zure jarduna imitatzeko antolatzaileren bat galdezka etorri zaizu?
Bai, laguntza eskatu didate; kanpoko jendeak batez ere. Nola egiten genuen, nola antolatzen genuen galdetu zuten. Egiten dugun lana zein den eta nola egiten dugun azaldu eta, ondoren, haien berera moldatzen dute. 

Ziordia mapan jarri duzu!
Madrilen, Valladoliden... bazter guztietan ezagutzen dute herria. Inguruko herri txikiak ezagutzen dituzu, baina Donostiara bazoaz, inguru haietakoak ez. Ziordia mapan jarri dugu. Hedabideetan presentzia handia izan dugu. Lan handia egin dugu. Saria horren aitortza da. Oso pozik gaude. 

Urtea despeditzeko, areto futbola. 
Abenduaren 27an txapelketa izanen dugu frontoian. 10:00etatik 13:15era 7 eta 8 urte artekoek jokatuko dute. Iruñea, Agurain, Arbizu. Eta 16:00etatik 19:15era koxkorragoen txanda: Agurain, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Ziordiko taldeak neurtuko dira. Izenik ez da eman behar, baina jakiak ekarri beharra dauzkate, Paris 365 jantokiari emateko. Ikusleek eta ziordiarrek ere jatekoak ere eraman ditzakete. Horren berri ematen herrian gutuna banatzen dut. Beti egiten dute ekarpena. 

Jarraitzeko gogoz?
Lasterketa egin baino lehen galdetuz gero, bat bera ere ez. Baina ondoren jaki asko eman direla, fundazio bati 6.000 euro eman dizkiozula ikusi eta lana eta nekea pasa egiten dira. Sariak lanean segitzeko gogoa ematen dizu.