Areto futbola

Paris 365 jantoki sozialerako 700 elikagai kilo jaso ziren Ziordiko Gabonetako Torneoan

Guaixe 2024ko urt. 11a, 10:39
Benjaminen mailan parte hartu zuten taldeak. UTZITAKOA

Guztira hamaika areto futbol taldek hartu zuten parte Ziordia Running taldeak udalaren laguntzarekin antolatutako kirol ekimen solidarioan

Ziordiko Running taldeak, Ziordiko udalaren laguntzarekin, Gabonetako Torneo Solidarioa antolatu zuen abenduaren 27an Ziordian. Guztira 11 taldek hartu zuten parte, horietatik sei benjaminen mailakoak: Ademar Maristak (Iruñea), Gazte Berriak (Antsoain), Sutegi (Olazti), Ziordia, Agurain eta Arbizu. Goizean lehiatu ziren. Arratsaldean, kimuen mailako bost taldek hartu zuten parte torneoan: Goizueta-Arano, Olazti, Ziordia, Aralar-Mendi (Uharte Arakil) eta Arbizu. 

Areto futbol taldeek torneoan izena emateko jakiak eraman behar zituzten. Guztia batuta, ekimenean 700 elikagai kilo jaso ziren Iruñeko Paris 365 jantoki sozialerako, eta, horretaz gain, jostailuak eta arropa. “Giroa ederra izan zen, pozik gaude. Haurrek kirol jardunaldi polita pasatzea zen asmoa, eta gehien behar dutenekin elkartasuna adieraztea” azaldu du Ziordiko Running Taldeko Jose Ramon Ramirezek. 

Ziordia Running taldeak antolatutako hurrengo ekitaldi solidarioa oraindik data zehatza ez duen baina ekainean jokatuko den 11. Ziordiko herri lasterketa solidarioa izango da.