Jose Ramon Ramirez

"Ziordira etortzen denak, errepikatzen du"

Maider Betelu Ganboa 2024ko eka. 5a, 12:30

Jose Ramon Ramirez.

Ekainaren 15ean, larunbata, XI. Ziordiko Lasterketa Solidarioa jokatuko da, eta bertan izena eman eta parte hartzera animatu du Jose Ramon Ramirezek.

Ekainaren 15ean XI. Ziordiko Lasterketa Solidarioa jokatuko da. 17:00etan haurren probak hasiko dira; 17:30ean martxa solidarioa, proba nagusiko zirkuituari bira bat egiten diona (2 km); eta 18:00etan nagusien lasterketa abiatuko da. Izena ematea zabalik dago (ziordirunningtaldea.com), eta parte hartzera animatu du Ziordiko Running Taldeko arima den Jose Ramon Ramirez Perezek. 

Zergatik erabaki zenuten Ziordian lasterketa bat antolatzea?
Lauzpabost lagunek korrika egiten genuen han eta hemengo lasterketetan. Horrela, Ziordian lasterketa antolatzea bururatu zitzaigun, herrian ekitaldiren bat prestatu eta giroa sortzeko. 2014an izan zen. Lanagatik eta kanpora bizitzera joan direlako ni naiz geratzen naizen bakarra, eta lasterketa antolatu, babesleak lotu eta guztia prestatzen aritzen naizena, nahiz eta ingurukoen laguntza izan. Ziordiko Udalak azpiegiturak jarri eta diru laguntza eskaintzen du. 

Ziordikoa hasieratik elkartasun lasterketa izan al da?
Bai, lehendabiziko ediziotik Paris 365 jantoki sozialerako elikagaiak jasotzen ditugu izena ematearen truke. Inoiz ez dugu diruzko izena ematerik egin. Helduek lau elikagai kilo ekarri behar dituzte parte hartzeko, eta txikienek bi. Elikagai ez galkorrak eskatzen dizkigute, eta guztia da ongi etorria eta eskertua. 

Zenbat elikagai jasotzen duzue?
Gutxi gorabehera edizio bakoitzean 1.000 kilo elikagai inguru jasotzen dira. Urte pare batean 1.500 kilora iritsi ginen, baina normalean 1.000 kilo dira. Paris 365 jantokitik izugarri eskertzen digute. Lasterketaren egunean kamioiarekin etortzen dira, eta egunean bertan eramaten dute jasotako guztia. Hortik jende askok jaten duela esaten digute. Guztira 11 lasterketa edo edizio antolatu ditugu (pandemia garaian edizio birtualak egin zituzten, eta elikagaiak ere jaso ziren), eta pentsa, denera 11.000 elikagai kilo pasa jaso ditugu. 

"Urte hauetan guztietan 11.000 kilo elikagai eta 80.000 euro bildu ditugu Ziordian"

Bestelako taldeak lagundu dituzue ere: Dravet edo Rett sindromea fundazioak, KmsxELA, GNA01 gaixotasun ultra arraroa duen Markel Carmona haur urnietarraren Aurrera Markelekin fundazioa...
Guztia elkartasunera bideratzen dugu. Duela sei-zazpi urte hasi ginen fundazio eta elkarteen aldeko zozketak egiten. Sariak lotu, txartelak saldu, eta ekimenetarako diru laguntza lortzen dugu. Lasterketan izena ematen dutenek, ikusleek, herritarrek eta gure ingurukoek erosten dituzte txartelak. Bestalde, Markel Carmona lagun bati esker ezagutu nuen. Lagunak bazekien fundazioen aldeko diru bilketaren bat egiten hasi ginela, eta Markel laguntzea proposatu zigun. Ordutik laguntzen dugu, gustu handiz.

Zer moduz dago Markel?
Pausoak ematen hasi da, baina gaixotasun latza du. Ariketa fisiko asko egin beharra du, eta fisioterapia eta bestelako laguntza ugari behar du. Urtean behin hilabete bat joaten da familia Madrilera, tratamendurako, eta 5.000 euroko aurrekontua da. Markelendako Ziordian urtero 5.000 euro inguru lortzen ditugu, batzuetan gehiago, eta familia oso eskertuta dago. Urte hauetan 80.000 euro inguru bildu ditugu antolatzen ditugun lasterketa, futbol eta saskibaloi txapelketa eta topaketa guztietan, eta oso pozgarria da. Aurten lehenengo aldiz Duchenne gihar-distrofia fundaziokoek postua jarriko dute lasterketan. Sare sozialen bidez jarri ziren gurekin harremanetan. Abuztuan Azpeitian kanpamendua antolatu dute, eta gastuak finantzatzeko kamisetak, pultserak eta bestelakoak egin dituzte, Ziordian salgai jarriko dituztenak. 

Sare sozialetan asko mugitzen zarete. Kanpoko jende asko dator Ziordiko lasterketara, eta urrutitik.
Bai, bereziki fundazioak eta elkarteak laguntzen hasi ginenetik hasi zen kanpoko jendea etortzen: Errioxa, Valladolid, Madrid, Zaragoza, Katalunia... Fundazioek jende asko mugitzen dute, eta sare sozialen bidez dute gure berri. Joan zen urtean 320 parte hartzaile izan zuen gure lasterketak, haurren eta helduen artean; ea aurten zenbat diren.

Noiz arte eman daiteke izena?
Aurretik, ekainaren 14ra arte. Egunean bertan, Ziordian izena eman daiteke. Baina aurretik izena ematea eskatzen dugu: 300 korrikalari-opari poltsa prestatzen ditugu, eta aurretik izena ematen duten korrikalariek izango dute ziurtatuta. Aurten 80 babesle ditugu, eta eurek emandako produktuei eta laguntzari esker prestatzen ditugu poltsak, eta lasterketa ondorengo auzate ederra ere bai. Diru laguntzekin anbulantzia, medikua eta asegurua ordaintzen dugu.

Ibilbideari begira Ziordiko lasterketa nola definituko zenuke?
Ziordia eta Olazti artean zirkuitu bat prestatzen dugu, eta hiru itzuli egin behar dira. Partzelaria bidean, granjetako norantzan, aldapa nahiko ederra dago, eta horrek ibilbidea gogortzen du. Badu berea. Korrikalariek oso gustuko dute, gure ingurune zoragarriarengatik. 

Ekainaren 15a egun polita izango da Ziordian.
Bai, asko egun pasa egitera etortzen dira. Jendea animatu dadila, ongi pasako du eta. Etortzen denak, normalean errepikatzen du. Eta norbaitek ezin badu etorri, baina laguntza solidarioa eman nahi badu, jarri dadila gurekin harremanetan, eta bideratuko dugu.