Ekainaren 15eko eguraldi onak are gehiago girotu zuen Ziordiko Lasterketa Solidarioa. Aurten hamaikagarren edizioa zen, eta Ziordiko Running taldeak antolatutako probaren balorazio ezin hobea egin du Jose Ramon Ramirez Perez taldeko arimak.
Guztira 303 partaide izan zituen Ziordiko probak. Helduen lasterketan eta oinezko martxan 204 helduk parte hartu zuten, eta kategoria txikiko lasterketetan 98 neska-mutikok. Asko kanpotik etorri ziren. "Gurea lasterketa solidarioa denez eta hainbat fundazio laguntzen ditugunez, euren sare sozialetan asko mugitzen dute ekimena. Bertako korrikalariez gain, Girona, Manresa, Madril, Zaragoza, Logroño eta Valladolideko partaideak izan ditugu" nabarmendu du Ramirezek.
1.600 kilo elikagai, errekorra
Ekimen solidarioetan jasotakoarengatik eskertuta zegoen antolakuntza. Korrikalariek izena ematearen truke elikagaiak eraman behar zituzten, helduek lau kilo eta txikienek bi. Aurten 1.600 kilo jaso ziren, Paris 365 jantoki sozialak jaso eta Iruñera eramen zituenak. "Errekorra apurtu dugu. Normalean urtero 1.000 kilo jasotzen ditugu, pare bat urtetan 1.500 kilora iritsi ginen, baina inoiz ez 1.600 kilora. Urte hauetan guztietan 13.000 elikagai kilo bildu ditugu jantoki sozialerako, eta oso pozik gaude".
Ziordiko lasterketan guztia elkartasunera bideratzen da. Duela zazpi urte fundazio eta elkarteen aldeko zozketak egiten hasi ziren. Sariak lotu (aurten 48 sari ziren), eta txartelak sartzen dituzte. Aurten jasotakoa Aurrera Markelekin fundaziora bideratu zen, Markel Carmona GNA01 gaixotasun ultra arraroa duen haur urnietarra laguntzeko. "6.000 txartel genituen saltzeko, eta urtean barna zuzenean eta online saldu ditugun txartelez gain, lasterketa egunean geratzen zitzaizkigun azkenak saldu genituen. Fundazioak ere postua jarri zuen. Guztira 6.600 euro inguru jaso dituzte. Markelek behar dituen tratamenduetarako, primeran etorriko zaie".
Ziordiako lasterketan kamiseta gorriak ikus zitezkeen. Duchenne gihar-distrofia fundazioak jarri zituen salgai, beste postu batean. "Abuztuan Azpeitian kanpamendua antolatu dute, eta gastuak finantzatzeko postua jarri zuten. 600 euro inguru lortu zituzten, eta kontentu zeuden".
Finean, eguraldi ona, eta giro ona. "Korrikalariak, eta fundazio eta elkarteak, guztiak oso kontentu". Ramirez ere "oso pozik" zegoen. "Gurea bezalako herri txiki batera 300 korrikalari baino gehiago etortzea eta fundazioek horrenbeste behar duten laguntza jasotzea... ni neu ere hunkituta nago" aitortu zuen.
Sakanako Atletismo Kopa
Haurren lasterketak oso alaiak izan ziren, baita helduena ere. Ziordiko paraje zoragarrietan barna 6,8 km osatu zituzten. Alberto Diaz izan zen garailea (23:59), Ekhi Congil etxarriarraren aurretik (24:13). Aritz Etxeberria altsasuarra bosgarren sailkatu zen (24:48). Emakumezkoetan, Lucia Garate (27:01) gailendu zitzaion Diana Vecillasi (27:12). Lehen sakandarra Erkuden San Martin (32:53) etxarriarra izan zen.
Ziordikoa Sakanako Atletismo Koparako puntuagarria zen bigarren lasterketa zen. Momentuz, gizonezkoetan Ekhi Congil, Imanol Guerrero Ivan Sobredo eta Aritz Etxeberria daude buruan, eta emakumezkoetan Erkuden San Martin, Sarabe Arakama, Noemi Cordero, Maialen Unanua eta Maite Zabaleta. Ergoienako Birak eta Zubeztia Lasterketak erabakiko dute kopa.