Eguzki plakak Ziordiko frontoiko teilatuan

Guaixe 2024ko uzt. 1a, 08:47

Gimnasioaren eta elkartearen eraikinaren parean dago frontoia. Liburutegitik ikusita.

Elektrizitatea sortzeko plakak jarriko dituzte aurten. Horien bidez sortutako argindarra udal eraikinetan eta argiteria publikoan kontsumituko da. Udalak, bestalde, galdetegia zabaldu eta jabeekin bilera egin ondoren, Nasuvinsarekin etxebizitzari buruzko bilera eginen du aurki.

Ziordiko Udalak aurten 461.000 euroko aurrekontua izanen du. Olatz Irizar Martinez alkateak azaldu duenez, udalaren inbertsio garrantzitsuenetako bat plaka fotovoltaikoak jartzea izanen da. "Frontoiko teilatuaren hegoaldeko aldean halako ehun plaka jarriko ditugu. Han sortzen den argindarra udal eraikinak hornitzeko erabiliko dugu: frontoia, udaletxea, gimnasioa, igerilekua eta biltegia. Baita argiteria publikoa ere", esan du Irizarrek. Jakinarazi duenez, lanak 38.000 euro inguruko inbertsioa du eta ordaintzeko udalak %50eko dirulaguntza jaso du. Lan horiek Eseki enpresak eginen dituela jakinarazi du alkateak. 

Bestalde, udaletxean igogailua jartzeko lanak garagarrilaren erdialdean hasi zituzten Goikoetxea eraikuntza enpresako langileek. Zeuden aukerak aztertu ondoren, udalak igogailua udaletxe barruan jartzea erabaki du. Ondorioz, "auzoa eta liburutegia zakarrago geldituko" direla esan du Irizarrek. Udal eraikinean irisgarritasuna bermatzeko lan horrek 220.054,32 euroko aurrekontua du eta Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planean jasoa dagoenez, udalak dirulaguntza jasoko du. Igogailua udazkenerako erabilgarri izanen dela aurreratu du alkateak. 

Nafarroako Gobernuak Tokiko Inbertsio Planetik kanpo utzi zuen Dona Maria eta Mirariko sareak eta zorua berritzeko lanak. "Gobernutik zioten lanak hasita zeudela eta, horregatik, ez zigutela dirulaguntzarik ematen. Frogatu behar izan dugu ez zeudela hasita, lanak faseka egiten ari garela. Gure argudioak onartu dituzte eta lana planeko erreserban dago orain", azaldu du alkateak. Beraz, udalen batzuek dirulaguntzari uko eginez gero, Ziordiko Udalak lana egiteko aukera izanen luke. Bestela, "hurrengo Toki Inbertsio Planera aurkeztuko dugu dirulaguntza eskaera", aurreratu du Irizarrek. 

Etxebizitza 
Ziordiko Udalaren agendan dagoen gaia da etxebizitzarena. "Duela urtebete gazteen artean galdetegia banatu genuen. Nasuvinsak eskatuta berriro egin dugu maiatzean". Alkateak azaldu duenez, "Horrekin batera, etxe hutsak eta eraikigarriak diren lursailen jabeak bilerara hots egin genituen. Informazio bilera izan zen. Azaldu genien Ziordia despopulazio arriskuan dagoen herrietako bat dela eta herriaren biztanleriaren garapena zein izanen den erakutsi genien. Udalak lursailik ez duela azaldu genien, baita etxebizitzak berritzeko dauden dirulaguntzen berri jaso zuten". Pauso horiek emanda, Irizarrek jakinarazi du Nasuvinsa enpresa publikoko ordezkariekin bilera eginen dutela orain. Udalak, bestalde, Nafarroako Gobernuari herria Lehentasunezko Birgaitze Eremu izendapena eskatu dio. Izendapena lortzeak eraikinak zaharberritzeko lanetarako askoz ere dirulaguntza gehiago eskuratzea dakar. 

Inbertsioa dirutza denez, laguntza jasoz gero udalak igerilekuak egungo legedira egokitzeko lanak egin nahi lituzke. Bitartean zain da. Alkateak jakinarazi duenez, udaletxearen beheko solairuan dagoen udalaren taberna, Etxaleku, itxita dago. Hura kudeatzen interesa duenak udaletxean jasoko du informazioa. Bestalde, alkateak aitortu du Aralur enpresa zena "kontrolik gabeko zabortegia bihurtu da. Hesiak jarrita ere, jendeak kendu eta han botatzen ditu hondakinak. Nafarroako Parlamentuan galdera aurkezten dugun bakoitzeko gobernuak zerbait egiten du. Baina hori konpontzeko, hondakinak kentzeko, dagoeneko ez dakigu zein ate jo". Irizarrek gogora ekarri du Foruzaingoak ikerketa egin zuela eta nork bota zuen zehaztu zuela. 

Azkenik, 2006an egin bezala, materia gabeko memoria jasotzeko elkarrizketak eginen dituzte Labrit Ondarea enpresako kideek. Oraingoan sei ziordiar elkarrizketatuko dituzte. "Haiek esaten dutena nola zabalduko dugun ondoren zehaztu gabe dugu oraindik", jakinarazi du alkateak. Aurreneko txandan esandakoan oinarrituta, Ziordiko ilargia dokumentala mustu zuten 2018an.