Goizeder Casas

"Normalean egun guztiak topera aprobetxatzen ditugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko abu. 2a, 09:00

Lagunekin egunero egon ahal izatea "gozada" bat dela dio Luxenburgon bizi den ziordiarrak

"Erasmus bat egitera joan nintzen, eta ez naiz bueltatu". Goizeder Casas Mugica ziordiarra duela 20 bat urte Tolosara ikastera joan zen. Ondoren, Turkian bi urtez, Alemanian, Frantzian eta Nepalen beste bi urtez bizi izan da bere senarrarekin. Orain dela zortzi edo bederatzi urte Luxenburgora bizitzera joan ziren. "Nepalen bizi ginen, Katmandun, eta lehenengo haurra izan genuen eta Europara itzultzea pentsatu genuen, familiatik gertuago egoteko". Senarrak Luxenburgon lana aurkitu zuen, "eta horregatik joan ginen". 
Sorterria eta bizitokairen artean "alde asko" ikusten ditu Casasek: "Ziordia herri bat da eta jende jende guztiak elkar ezagutzen du. Lagunak hemen ditut. Luxenburgo oso nazioartekoa da, baina azken finean hiri bat da, eta beste erritmo bat dauka". Bertan etxean gehiago egoten direla esan du ziordiarrak, "lagunak baditugu eta asteburuan gauzak egiten ditugu, baina ez da herria bezala egunero lagunak ikusten dituzula". Ziordian haurrak kaletik "bakarrik mugi" daitezkeela gaineratu du, "Luxenburgon hori ezinezkoa da". 

"Haurrei eta senarrari herrietako festak izugarri gustatzen zaizkie"

Herritik urrun bizitzen "gogorra" dela aitortu du Casasek: "Etortzen naizen bakoitzean oso gustura egoten naiz". Hala ere, lagunek esan diote bera dagoenean ez dela beraiek neguan egunero daukatena. "Noski, ni udan eta gabonetan etortzen naiz eta jende pila bat dago, giroa dago, eta beraiek esaten dute urtean zehar ez dela horrela". Lagunak egunero ikustea "gozada bat" dela gaineratu du. "Luxenburgon ere baditut, baina ez da berdina; koloreak ez dira berdinak, janariak ez dira berdinak eta familia ez dago egunero zurekin eta, azkenean, nabaritzen da". 

Ziordiara urtero bi edo hiru aldiz etortzen saiatzen dira. "Normalean udan beti eta gero batzuetan Ziordiko festetara ez gara askotan etortzen baina saiatzen gara eta, bestela, gabonetan". Ziordian bi asterako etortzen ohi dira, "kotxez etortzen gara eta bakarrik bi aste gehiago ezin dugulako". Bestela, asteburuak edo egun batzuk pasatzera "eskapatzen" dela esan du ere: "Ez gaude hain urruti; Biarritzetik Luxenburgora hegaldiak daude eta Gasteiztik Bruselasera. Denbora asko pasatu behar badugu kotxez etortzen gara, eta egun batzuetarako hegazkinez". Familia ere Luxenburgora joaten dela esan du Casasek, "ea lagunak animatzen diren". 

Bisitak

Sorterrira iristean lehenengo gauza gurasoak eta amona bisitatzera joaten da, "eta gero tabernara  eta lagunekin egon". Haurrekin etortzen direnez Lezera bizikletan joaten dira, senarra eta haurrak Santa Marinara lotara joaten dira eta Donostiara egun bat "bisitan" ere joaten dira. "Urtero joaten gara Donostiara bisitan". Sakanako herrietako festetara joaten dira ere: "Haurrei herrietako festak gustatzen zaizkie eta horrela ere ikastolako lagunak ikusten ditut". Senarra alemandarra denez, "pila bat gustatzen zaizkio herrietako festak, zezensuzkoa, pintxoak eta poteoa. Tradizio hauek guztiak gustatzen zaizkio". Aurten ere sanferminetan egon dira. "Normalean egun guztiak topera aprobetxatzen ditugu".

"Ez dut inoiz planteatu hemengo usain bat eramaten dudanik. Gazta eramaten dugu, hori bai". Ziordiko eta inguruko mendien eta berdearen irudiak eramaten ditu berarekin Luxenburgora: "Eginoko festetara bizikletan joan ginen eta bueltatzean mendiak begiratzen nituen eta pentsatzen nuen: zer nolako lekua! Hori da eramaten dudana". 

Uztailan bi astez egon dira Ziordian, "Eguberrietan ez gara etorriko eta seguruenik otsailan, inauterietan, etorriko gara". Sorterrira bizitzera etortzea lanarekin "oso zaila" dela uste du Casasek: "Agian erretiratzen garenean".