Kartzela bat, animalien babesleku edota jatetxe bat. Hamaika erabilera izan ditu Urbasako jauregiak, XVII. mende amaieran Juan Ramirez de Baquedano y Alvarez de Eulate Andiako II. markesak eraiki zuenetik. Eskuz esku igaro da mendeetan zehar, harik eta, 1990ean, Nafarroako Gobernuak erosi zuen arte. Horrek, ordea, ez du proiektu bideragarririk aurkeztu, eta, egun, aurri egoeran dago jauregia. Hain zuzen ere, horixe aldarrikatzen du Juan Urra Mendia ziordiarrak; jauregiaren narriadura geldiarazi eta erabilera bat eman diezaioten. Hortaz, Urbasako jauregiaren maketa errealista ondu du, eta haren ikerketa historiografikoa egiten dabil. Izan ere, eraikinak historia andana du, eta horrek sorturiko jakin minagatik ondu du maketa La Burunda aroztegiko bazkideak.
Zergatik egin Urbasako jauregiaren maketa bat?
Maiz ibili ohi naiz lagunekin Urbasan, asko gustatzen zaigu hara joatea. Olatzagutiko lagun Jose Mari Mazkiaran eta biok jubilatutakoan, Urbasako iturri, aska eta ganbela guztiak zenbatzea eta erregistratzea erabaki genuen. Baita ere, Urbasa inguratzen duten herrietako iturriak ere kontuan hartu genituen; Ziorditik Lizarragaraino iparraldetik, eta Ameskoakoak hegoaldetik. Horretan genbiltzala, sarritan pasatzen ginen jauregiaren aurretik, jakin-mina sortu zitzaigun eta jauregiaren maketa egitea otu zitzaigun.
Zenbat denbora egon zara maketa egiten?
Urte hasieran amaitu nuen, bi urtez maketa ontzen aritu ostean. Ez da lan makala izan: egoera negargarrian dago eraikina, erortzeko zorian.
Nolakoa izan da prozesua?
Informazio bila hasi ginen lehenik; Nafarroako artxibora ere jo genuen, eta bertako langile batek dokumentazio andana eman zigun: planoak, eraikina eraberritzeko porrot egin zuten proiektuen txostenak… eta lekuan bertan hasi ginen ja lanean. Xeheki neurtu genuen jauregia; hala, planoetako informazioa eta guk geuk harturiko neurriekin hasi nintzen maketa osatzen. Lehenik oinarria egin nuen, eta planoen arabera joan nintzen eraikina muntatzen, pixkanaka.
Zer edo zer interesgarririk topatu zenuten jauregiaren barrenean?
Miseria baino ez dago hor barruan; dena arpilatu dute urteetan zehar. Eraikinak basilika moduko bat zuen bere baitan, eta bertako kristoa oso baliotsua omen zen; Angustien Kristoa. Nafarroako Museoan dago, baina ez erakusgai, eta ez dakit zergatik.
Zer material erabili duzu?
Oholak gehien bat; dena egurrez egina dago, eta margoa erabili dut jauregiak behin izan zuen itxura emateko. Barrutik argiak ere jarri dizkiot. Tailerrean nituen arrastakin guztiak aprobetxatu ditut.
Zer izan da zailena?
Leihoak eta balkoiak egitea. Dena den, Pedro Valek lagundu dit horiekin. Erretenak ere egin dizkiot, baita jauregiaren atarian dagoen bakedanotarren armarria ere. Xehe-xehe eginiko errepresentazioa da. Osotara 6.000 teila egin ditut teilatua hornitzeko, bi geruzatan, jauregiaren teilatuaren gisara.
Zein eskalatan egin duzu?
1:50. Etxera eraman nahi izan dut maketa, baina ez da atetik sartzen [barrez]. Zurgindegian dago momentuz.
Zein izan da prozesuaren gauzarik dibertigarriena?
Gozamena izan da jendeak zertan genbiltzan galdetu digunean, jakin-mina erakutsi duenean, finean. Adin batetik gorakoei ilusioa egiten die ikustea norbait arduratzen dela oraindik jauregi hartaz, baita Urbasako bizimoduak herritarrendako suposatzen zuenaz; jendeari pena ematen dio, eta zerbait egin beharko litzatekeela uste dute askok.
Zergatik da hain berezia jauregia?
Beti egon da hor, eta bagenekien, besteak beste, kategoriazko jatetxe bat izan zela… historia handia du atzean, eta ez dugu ulertzen zergatik utzi duten erortzen.
Nork eraiki zuen?
XVII. mendearen amaieran eraiki zuen Juan Ramirez de Baquedano y Alvarez de Eulatek. Andiako II. markesa izan zen, eta berak zituen Urbasa eta Andia mendietako eskumen zibil eta kriminalak.
Zergatik?
Inguruetako lapurreta eta bestelakoak kontrolpean izateko eraiki zuen, Nafarroako Erresumako fiskalak behartuta. Alkatearen etxea izanen zen jauregia, baita kartzela ere. Dena den, bakedanotarren kiderik ez zen sekula bizi izan bertan, eta bertatik igarotzen ziren oinezkoen aterpe bilakatu zen denborarekin, baita egurgileen edota abeltzainen gordeleku.
Zer jazo zen gero?
Juan Etxabarri enpresari eta egurgile olatzagutiarrak erosi zuen jauregia, 1915ean. Familiaren udako etxea izan zedin eskuratu zuen, baina, handiegia zela medio, jatetxe eta hotel batean bihurtu zuen eraikinaren erdia. Orduan eraiki zuen jauregiaren ondoan dagoen frontoia, eta orotariko konponketak egin zituen eraikinean. Halaber, 1926an bukatu zuten Lizarra eta Olatzagutia lotzen dituen errepidea, eta horrek udatiar gehiago erakarri zituen. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, Olatzagutiko Pedro Etxeberria eta haren hiru alabek hartu zuten jatetxearen lema, jauregiaren ugazaba oraindik ere Echavarri egurgilea zelarik. Ordea, 1964an zerrategia itxi zuen Echavarrik, eta haren inperioa eroriz joan zen, harik eta 1984an, jauregiko hotela eta jatetxea itxi zituen arte.
Noren esku gelditu zen jauregia?
Nafarroako Gobernuak erosi zuen 1990ean. Jauregiaren zaharberritzea planteatu zuen administrazioak, luxuzko hotel bat ezartzeko bertan. 24.000 euro xahutu zituzten proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko lanetan, baina bertan behera geratu zen proiektua 2009ko ekonomia krisiaren karira. Eusko Jaurlaritza ere saiatu omen zen eraikina erosten udalekuak egiteko, baina Nafarroako Gobernuak ez zuen saldu nahi izan.
Egun, jauregiaren egoera kaxkarra da; hainbeste, ezen ondarearen defentsarako Hispania Nostra elkarteak Ondarearen Zerrenda Gorrian sartu baitzuen eraikina.
Tamalgarria da, bai. Gobernuak ez du ezer egiten, eta ez du uzten inork ezer egin dezan.
Zer egin daiteke eraikinarekin?
Gauza asko egin daitezke… museo bat esaterako, Urbasan bizi izan diren pertsonei buruzkoa, edo mendian bizimodua ateratzeko artzainek erabili dituzten objektuena… basozainen bizileku ere izan liteke; etxe trakets batean bizi dira orain. Izan liteke Urbasako artzainen biltzargune bat ere bai…. Badirudi traba bat baino ez dela jauregia administrazioarendako. Min egiten dit jauregia egoera horretan ikusteak.
Zer lortu nahi izan duzu maketarekin?
Denbora pasa gisa egin dut, baina ondo legoke herritarren kontzientzia piztuko balu. Ikusgarritasuna eman lekioke Urbasako jauregiaren egoerari.
Nola dago eraikirik jauregia?
Loturik dauden eta karratu angeluzuzena osatzen duten lau dorrek osatzen dute, eta erdigunean patio zabal bat du. Ataria edo pareta nagusia hegoalderantz dago begira, eta bi pisuko altuera du. Sarreran, bakedanotarren harrizko armarria ikus daiteke. Ezkerreko dorrean basilika ere badago.
Jauregiaren alboan beste eraikin bat omen zegoen, ez?
Bai, benta, baina 2005ean eraitsi zuten. Egurgileendako, ikazkinendako eta bertatik igarotzen ziren orotariko langileendako aterpe gisa funtzionatzen zuen hasieran, baina Altsasuko kaputxino komentuko fraideak ere joaten ziren bertara, eta ganbaran uzten zieten lo egiten. Ordea, ez ziren oso ongi moldatzen Echavarrirekin, eta honek aparte zegoen lursail bat eman zien, eta bertan eraiki zuten Fraideen Etxea.
Zer nolako garrantzia izan du Urbasak alde bietako biztanleendako?
Oso garrantzitsua izan da beti. Herri bakoitzak Urbasara igotzeko bide bat du eta horrek agerian uzten du behinola izan zuen garrantzia; ekonomiaren euskarria zen: animaliak igotzen zituzten udaran… Tontakeria dirudi, baina berebiziko garrantzia izan du mendiak gure bizimoduan. Gogoan dut garilaren 25ean, Santiago egunean, jende guztia igotzen zela egun hori ospatzera, baina hori ere galdu egin da, belaunaldi bakar batean gainera.
Nolakoa izaten zen festa hura?
Itzela. Musika, giroa… La Burundesak zituen bi solairuko autobusetan igotzen ginen; izuturik joaten ginen hor goian [barrez]. Ongi legoke festa hori errekuperatuko balitz…
Galtzen ari da Urbasako bizimodua?
Mendira igo eta zer dago? Kanpina eta gutxi gehiago. Txabolak erortzen ari dira, abeltzaintza ere geroz eta urriagoa da… geroz eta traba gehiago jartzen dituzte abeltzaintzarako, bereziki horretan aritu nahi duten gazteendako, haien eskuetan baitago bizimoduaren etorkizuna. Eusko Jaurlaritza, esaterako, mendietako txabolen mantenuan ari da lanean…
Iturriak zenbatzeaz eta maketa ontzeaz aparte, zerbait gehiago egin duzue?
Urbasako txabola guztien zenbaketa eta horien planoak egin ditugu; 81 dira guztira, eta ez da bakar bat ere falta. Urbasako basozainek ere ez dute guk bezain ondo ezagutzen mendia. Batzuk aurri egoeran daude, eta Lizarrako jubilatu talde bat prest agertu zen materialaren truk horiek konpontzeko, baina ez da gauzatu.
Zer da eginen duzuen hurrengoa?
Hiru ganbela berri egin dituzte, eta horiek zenbatzea eta planora pasatzea falta zaigu. Halaber, Olatzagutiko beste talde bat jauregiko frontoia eraberritzeko asmotan da, eta haiekin hitz egin nuen; horretan gabiltza ea zerbait lortzen dugun…
Eta zuk? Zerbait gehiago darabilzu eskuartean?
Urbasako jauregitik 200 metrora dagoen Zeberiano etxearen maketa ere egin dut; ez dago utzita, baina ez da inor bizi. Nire etxearen maketa bat ere egiten ari naiz; laster bukatuko dut.
Zeren maketa gustatuko litzaizuke egitea?
Ba agian Ziordiko Mirariaren Amabirjina baselizarena eginen nuke, baina oraingoz buru-belarri nabil jauregiarekin eta nire etxearen maketa osatzearekin.
Zerbait gehitu nahiko zenuke?
Bai, mendira joaten garen lagun horiei esker ona erakutsi nahiko nieke. Jose Mari Mazkiaran, Pedro Val, Peio Senosiain, Iciar Gorosabel, Jesus Ginea, Jose Luis Martinez eta, nola ez, nire emazte Mari Carmen Martinez ezinbestekoak izan dira proiektu hau egin ahal izateko.