Ziordiko harrobiaren mendebaldean dagoen eskalada gunean ezbeharra izan zen atzo 12:54 aldera. Aranbeltz bidea igotzen ari zen eskalatzaileak 10 metroko altueratik erorikoa izan zuen eta erorikoan izandako zaurien ondorioz hil zen. SOS Nafarroa 112 larrialdi zerbitzuak istripuaren berri jaso bezain laster Altsasuko suhiltzaileak erreskatatzera joan ziren. Ondoren, Erreskate Teknikoko Taldekoak erreskateko helikopteroarekin joan ziren, Aranon beste esku-hartze bat egiten ari baitzen.
Istripuaren gunera Altsasuko osasun eskualdeko mediku taldea joan zen, baina ezin izan zuten ezer egin gizonezkoaren bizitza salbatzeko. Ezbeharraren tokira bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat (medikalizatua), oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat eta Foruzaingoaren Altsasuko polizia-etxeko Herritarren Segurtasunerako patruila joan ziren. Bestetik, SOS Nafarroak Ertzaintzaren erreskate-helikopteroaren esku-hartzea eskatu du, istripua izan duen eskalatzailearekin zihoan pertsona erreskatatzeko.
Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramango dute, autopsia egin diezaioten. Foruzaingoaren Iparraldeko Brigada Judizialeko kideek bideratu dituzte ezbeharraren eginbideak.
Ezbeharra izan zen Aranbeltz bideak 175 metroko luzera du eta bost luzetan banatuta dago. Bidearen zailtasuna 6a (V/A0) mailakoa da.
Istripuak saihesteko kontuan hartu beharrekoak
Ibilbidea behar bezala planifikatzea eta ekipamendua
- Mendira irtetean jarraitu beharreko oinarrizko segurtasun-jarraibideen artean, lehenengoa irteera ondo planifikatzea da, ibilbidea ondo prestatuz. Horrek ibilbidearen ezaugarriak aztertzea eta taldearendako egokia den jakitea eskatzen du, eta ibilbidearen oinarrizko datuak ezagutzea, hala nola desnibela, distantzia eta ibilbidea egiteko behar den denbora, baita argi-orduak ere. Gainera, maparekin eta iparrorratzarekin orientatzen ikastea gomendatzen da, horrek askatasun eta segurtasun handiagoa ahalbidetzen baitu.
- Garrantzitsua da ekipamendu egokia izatea; besteak beste, mendiko oinetakoak, azpiko arropa transpiragarria, jaka bat eta iragazgaitza eramatea; botikin bat eta telefono mugikor bat itzalita eramatea ere gomendatzen da, bateria guztiz kargatuta; janaria eta ura, eguzkitako betaurrekoak, eguzki-babesa eta txapela.
- Gailu mugikor baten bidez ibilbide bati jarraitzen zaionean, bateria-gastua oso handia da pantailaren eta GPSaren erabilera intentsiboagatik; beraz, beharrezkoa da kanpo-bateria bat edo power bank bat izatea, karga agortu gabe ibilbidea amaitu ahal izateko.
Meteorologia, ibilbidearen zailtasuna eta ibilbidearen abisua ematea
- Oso garrantzitsua da meteorologia berrikustea eta argi izatea ibilbidean euria egingo duen, tenperatura zein izango den, lainoa edo haizea aurkitzea posible den eta eguzkia zer ordutan sartuko den. Azken aholku hori bereziki garrantzitsua da urte sasoi honetan; izan ere, egunak gero eta laburragoak dira, eta aurreikuspen faltak mendian ustekabean harrapatzea eragin dezake, argi faltak dakartzan zailtasunekin.
- Irteera egiten duten pertsonen gaitasunak kontuan hartu behar dira, zailtasun-maila egokia duen jarduera bat aukeratzeko. Gainera, garrantzitsua da kontuan hartzea ea taldean dagoen norbait bere ohiko gaitasunak murrizten dituen zailtasun mediko puntualen bat duena.
- Oso garrantzitsua da irteeraren berri ematea, zein menditara joango garen eta zein ibilbideri jarraituko diogun zehaztuta. Eta helmuga aldatzea erabakitzen badugu edo ibilbidean aldaketak egiten baditugu, garrantzitsua da, halaber, aldaketa horien berri ematea hasierako planari dagokionez.
Istripuetarako segurtasun-jarraibideak
Istripurik izanez gero, garrantzitsua da ezbeharra gertatu zenetik larrialdi-zerbitzuak iritsi arte jarraitu beharreko segurtasun-jarraibide batzuk ezagutzea.
- Biktima une oro babestea eta norbera babestea da. Horren barruan sartzen da istripua izan duenari laguntzean norberaren segurtasuna kontuan hartzea, biktima bere kordean dagoen eta zauririk duen egiaztatzea, animatzea eta lasaitzea, ahal bada, eremu seguru batera mugitzea, eta, konorterik gabe badago, segurtasuneko albo-posizioan jartzea.
- SOS Nafarroa ohartarazi behar da 112 telefonora deituta. Telefonoa hartzen duenak honako galderak egingo ditu: Nor zara? Non zaude? Zer gertatu da? Gainera, biktimari, meteorologiari eta lurraren orografiari buruzko informazioa eskatuko du, bai eta erreskaterako izan daitezkeen oztopoei buruzkoa ere. Gainera, mugikorraren bateria aurrezten saiatu behar da, behar izanez gero, ondorengo kontaktuak ahalbidetzeko.
- Larrialdi-zerbitzuak iristen diren bitartean, ahal den guztia egin behar da biktimari laguntzeko, konorte-maila monitorizatuz. Gainera, hemorragiak aurkitu eta geldiarazi behar dira; hipotermiatik babestu behar da; biktima ez da abandonatu behar, eta iristen direnean larrialdi-zerbitzuen esku jarri behar da.
Segurtasuna helikopteroz egindako erreskateetan
Helikoptero batek erreskatean esku hartzen duenean, oinarrizko segurtasun-neurri batzuk daude, eta komeni da horiek ezagutzea.
- Haizeari bizkarra emanda jarri.
- Arreta jarri behar zaie beti helikopterotik egin diezazkiguketen jarraibideei.
- Garrantzitsua da helikopterora isatsetik edo beheranzko malda batetik ez hurbiltzea.
- Helikopterora oinez, makurtuta, hurbildu behar da, tripulazioak jakinarazten digunean.