2008an debutatu zuen txirrindularitzan Gorka Izagirre Insaustik (1987-10-07, Ormaiztegi), Suitzako NGC Medical-OTC Industria Porte taldean. 16 urte beranduago, agur esango dio bere ibilbide oparoari. Egunotan azken pedalkadak eman zituen Txinako Guangxiko Tourrean, Cofidiseko taldekideekin. Handik bueltan, beste bizitza bat hasiko da Ziordiko bizilagunarendako.
Urriaren 6an jokatutako Paris-Toursen txirrindularitza utziko zenuela esan izana askatzailea izan da zuretako?
Ez dakit ba. Txirrindularitza uzteko erabakia aspaldi hartu nuen, martxoa inguruan. Nolanahi ere, nahiz eta erabakia hartu, beti horren kontra borrokatzen duzu, nolabait; batetik, jada uzteko garaia heldu dela esaten diozu buruari, baina bestetik, jarraitzeko zera hori dago... Hala egon izan naiz, borroka horretan, baina nire buruak "nahiko da" esan du, eta orain lasai nago: egindakoarekin pozik nago, eta txirrindularitza uzteko gogoz.
Emandako mailarekin gustura azaldu zara orain arte, baina azken denboraldi hau ezberdina izan da. Ez zaitugu zure onenean ikusi, eta tarteka deseroso sumatu zaizu.
Agian bai. Niretako ez da urte erraza izan. Eta hori izan da txirrindularitza uzteko erabakiaren arrazoietako bat. Orain arte ibili naizen bezala ez sentitzea, eta ez disfrutatzea; horrek txirrindularitza uztera bultzatu nau.
"Nire buruak 'nahikoa da' esan du. Egindakoarekin pozik nago, eta uzteko gogoz"
37 urte dituzu, horrek ere eragina izan du txirrindularitza uzteko erabakian?
Ez, adinarengatik ez da izan; buruak nahiko dela esan dit. Arrazoi ezberdinengatik entrenatzea, zaintzea eta profesional mailan gauzak egin behar diren bezala egitea kostatzen zaizunean... azkenean ez duzu maila ona ere ematen. Horrela gertatzen denean, nahikoa esanda dago. Talde aldaketarekin ez dut motibazio handiegirik aurkitu, eta aldaketara ez naiz egokitu. Asko kostatu zait, eta halaxe ibili naiz aurten. Azkenean, uzteko erabakia hartu nuen, besterik gabe.
Hamar Tourretan parte hartu duzu, hiru Girotan, bost Vueltatan, hiru mundialetan – 2019koan bederatzigarren izan zinen– eta Tokioko Olinpiar Jokoetan. Txirrindulari batek parte har dezakeen proba handi guztietan aritu zara, eta ildo horretatik, zikloa itxi duzu.
Bai. Tokiokoa, dena den, ez dut biziki ongi gogoratzen, guk ez baikenituen olinpiada normalak bizi izan. Pandemia garaia zen. Tokiotik ia 400 km-tara geunden kontzentratuta, eta horrek eskatzen zigun oso goiz esnatu behar izatea, 5:30ak inguruan eta autobusez irteerara puntura joatea, urruti. Ez ziren lasterketa normal baten baldintzak, pandemiaren kontuarengatik. Beraz, ez dut olinpiadetan aritu izanaren halako oroitzapenik ederrik, baina han izan nintzen.
Zure palmaresean hainbat garaipen dituzu. Tartean, Euskaltelekin Luxemburgoko Tourreko etapa bat eta Ordiziako bi klasiko irabazi zenituen; Movistarrekin Ordiziako beste klasiko bat, Amorebietako klasikoa eta Giroko etapa bat; Baharainekin Espainiako Txapelketako errepideko proba eta erlojupekoko bigarren postua; eta Astanarekin La Provenceko Tourra eta Trittico Lombardo. Garaipen faboritorik al duzu? Edo denek garrantzi berdina izan dute?
Kuttunena Ordiziako Klasikoa da, etxekoa delako. Ibilbidea ere niretako oso berezia da, umetatik han ibili izan naizelako; hantxe eman nituen nire aurreneko pedalkadak eta han egin nituen nire lehenengo entrenamenduak. Horregatik, lasterketa hori hiru aldiz irabaztea oso berezia izan da niretako. Etxean bertan, eta etxeko jendearen aurrean, horrek oso berezi egiten du Ordiziako klasikoa.
Duen sonari begira, Giroko etapa da garaipen potoloena, ezta?
Bai, nire garaipen sonatuena da.
Tourrean garaipena lortzeko zorian izan zara zenbaitetan. Tourrean etaparen bat irabazi ez izanaren arantza geratu zaizu?
Ez. Tourrean zurtoina askotan jo dut, postu asko dauzkat Top 10ean, baina lehenengoa falta zait, eta halaxe geldituko da. Ez dut inongo arantzarik. Lasterketa egunean bigarren egiteagatik, edo hirugarren izateagatik, arantzatxo horiek izaten ziren, baina unean unekoak. Egun ez da loa kentzen didan inongo ezer.
Zure ibilbidean garai ezberdinak izan dituzu, talde ezberdinekin lotutakoak. Zuretako zein izan da zure garairik onena?
Ez nuke esango. Etapa horietan guztietan beti gauza oso politak lortu izan ditugu, agian maila pertsonalean baino, talde gisa lortutakoak. Eta ni horrekin geratzen naiz, momentu horietan eta garaipen horietan taldekide gisa parte hartu dudala. Momentuan bertan ez diozu horrenbesteko garrantzirik ematen, baina atzera begiratzen hasita, lorpen horiek baloratzen dituzu; une oso ederrak pasa ditugu.
Euskaltelek ‘Marea laranja’ dokumentalean talde laranjaren historia bildu du. Talde laranjaren urrezko urteak bizi izan zenituen eta zu ere talde horren historia bazara.
Euskalteleko lau urteak oso ederrak izan ziren. Oso talde berezia zen, etxekoa. Lehenengo mailan talde bat genuen, txirrindulari egiten hasi nintzen tokia zen, eta esan bezala, etxekoa. Ez soilik txirrindulariak, baita plantilla guztia: masajistak, zuzendariak, mekanikariak... denak. Horrek guztia oso gertukoa egiten zuen. Momentu oso politak dira, gordeta ditudanak.
Zure bizilagun eta lagun Jorge Azanzak gidatzen duen egungo Euskaltel-Euskadi nola ikusten duzu?
Hor doaz, ondo. Nolako taldea den kontuan hartu behar da. Bigarren mailan daude, Pro Tour mailan, eta maila horretan ez da erraza izaten. Izan ere, txirrindularitza asko aldatu da. Nire garaiko Euskaltel-Euskadiren txirrindularitza eta gaur egunekoa ez dira berdinak, sistema erabat aldatu da. Oraingo sistemak ez du lehen zegoenarekin zerikusirik. Gaur egun lehen maila, bigarrena eta hirugarrena daude, eta lehen ez zegoen halako ezer. Lehen profesionala zinen, edo ez zinen. Gaur egungo sailkapen horiek gauza asko baldintzatzen dituzte, tartean talde baten aurrekontua. Egun, diru asko sartu da txirrindularitzan, World Tour edo lehen mailan batez ere. Esango nuke sei-zazpi super talde daudela. Bigarren mailan bazaude, nahikoa lan baduzu. Uste dut Euskaltelen lana ongi egiten ari direla, eta hor daudela, borrokan. Ez baduzu borrokatzen, ez duzu ezer lortzen, eta hala jarraitu behar dute, poliki-poliki.
Super taldeak aipatu dituzu. Movistarrekin txanponaren bi aldeak bizi izan zenituen. 2014tik 2017ra super taldeetako bat zineten, eta 2022tik 2023ra, aldiz, lehen mailari eusteko puntuengatik borrokatzea tokatu zitzaizuen.
Lehen tarte horretan lortu genuena ez genuen gehiegi baloratzen, egia esan. Garai hartan, lau urtez segidan, munduko talderik onena izan ginen Movistarrekin. Gero, hori faltan duzunean, orduan jartzen duzu balorean. Movistarrera itzuli nintzenean, justu kontrako egoera tokatu zitzaidan: sailkapenaren beste muturrean geunden, jaisteko borrokan. Beraz bi aldeak bizi izan nituen.
2022an Tourra utzi behar izan zenuen beste lasterketetan parte hartzeko, Movistarrendako puntuak lortzeko. Nahiz eta profesionala izan eta taldearen aginduetara egon, horrek mina emango zizun, ez? Tourra bukatzeko egun pare baten faltan utzi behar izatea...
Niri momentu horretan ez zidan min handirik eman. Ez. Taldeak ere ez zidan Tourra uztera behartu, baizik eta aukera eman zidan. Nik banekien taldea zein egoeratan zegoen. Enric Masek Tourra utzi zuen. Bera zen gure liderra, sailkapenean uste dut zortzigarren zela. Gauzak ez zihoazen guk nahi bezala, baina geunden egoeran zortzigarren `postu hori puntu mordoxka ziren taldearendako. Hala ere, Mas bizikletatik jaitsi zen, eta talde barruan mugimendu handia egon zen. Tour osoa lider batendako lanean pasatu eta bi egunen faltan esaten duenean, "jaitsi egingo naiz", ez da gustagarria. Horren ondorioz talde estrategia aldaketa batzuk egon ziren, eta beste lasterketa batzuetara joateko prest egongo nintzen proposatu zidaten. Erronka onartu nuen. Egia esan, pena handirik ez nuen hartu; pena gehiago hartu nuen Masek Tourra horrela utzi zuelako. Taldekide guztiak hala uztea... hori tristeagoa izan zen niretako.
Anaia, Ion Izagirre, oso garrantzitsua izan da zure txirrindularitza ibilbidean. Batzuetan talde berean aritu zarete, gaur egun bezala eta beste batzuetan arerio izan zarete. Anaia ere txirrindulari izatea ona izan da zuretako, hala konfiantza handia dagoenean ez da horren ona?
Anaiarekin beti ongi. Konfiantza handi horrek beste gauza batzuk sor ditzake, baina ez dira apartekoak izan. Anaiarekin beti egon izan gara elkarrekin, gustura.
Zure azken txirrindulari egunak Txinan eman dituzu, munduko beste puntan.
Bai. Guangxiko Tourra bukatzea, ez nuen beste helbururik. Nahikoa helburua bada hori.
Zerbait egin ez izanaren damua duzu? Bere momentuan beste erabakiren bat hartu izana, edo talde batera joan beharrean beste batera joan izana... halakoren bat?
Bai, nire ibilbidean eduki izan ditut halakoak. Ez dakit ere unea den halakorik esateko, baina esango nuke momentu batzuetan bai izan dudala gehiago sakrifikatu ez izanaren damua. Sakrifizioaren aldetik beti izan naiz pertsona nahiko zuzena, entrenatu, gorputza zaindu eta kirolari izateak eskatzen dituen oinarrizko gauza horietan, baina une batzuetan tuerkari buelta bat gehiago eman ez izanaren zera hori badut.
Zein da beti miretsi duzun txirrindularia?
Miretsi, haurra nintzenetik, Indurain miretsi dut. Baina niri asko markatu izan didana Alejandro Valverde izan da. Berarekin asko bizi izan dut, taldekide izan dut, eta niretako txapeldun izugarri bat da.
Imanol Erbiti zurekin ados egongo litzateke.
Jakina, zalantzarik gabe (kar-kar).
Gaur egun, nor esango zenuke txirrindulari onena dela?
Denen ahotan Pogacar dago. Pogacarrek zer gauzak egiten dituen ikusten dugu, baina niri beste mota bateko txirrindulariak gustatzen zaizkit eta, beraz, ez dut Pogacar erantzungo. Korronteak jarraitzea ez dut gustuko, eta Van der Poel esango dut.
Aita ziklo-kros txapeldun handia izan zenuten, eta zuk ere ziklo-krosean aritzea gustuko duzu. Ziklo-krosean jarraituko duzu? Edo txirrindularitza guztiz utziko duzu?
Txirrindularitza utzi egiten dut, eta dena uzten dut, baita ziklo-krosa ere.
"Atzera begiratzen hasita baloratzen dituzu lorpenak; une oso ederrak pasa ditugu"
Ez dituzu bizikleta guztiak kenduko, ezta?
Ez ditut bizikleta asko, ez pentsa. Taldearenak dira, eta agian batere gabe geratuko naiz.
Kirolari profesional askok ez dakit hitz egokia nazkatuta den, agian hitz egokia da nekatuta bukatzen duzuela. Izan ere, kirolari profesionalen bizitza gogorra da. Puntu horretan zaude, akituta?
Bai, nekatuta. Nazkatuta... hitz hori ez zait asko gustatzen. Nekatuta. Eta buruz nekatuta, lehen esan dudan bezala. Orain gauzak oso lasai hartuko ditut.
Beraz, epe laburrean zure bizitza ez duzu txirrindularitzari lotuta ikusten?
Ez dut nire burua kirolari lotuta ikusten, inondik inora.
Urriaren 6an Paris-Toursen oroigarria eman zizuten txirrindularitza utzi behar duzulako. Omenaldia "berezia eta hunkigarria" izan zela esan zenuen. Hitz horiek erabiliko al zenituzke zure txirrindularitza ibilbidea definitzeko?
Ez. Berezia eta hunkigarria izan dela, ez. Esango nuke ume-umetatik izan dudan ametsa betetzea izan dela. Txirrindulari izateko ilusio hori, amets hori, bete dudala.
Eta "egindakoarekin, kontentu noa"? Hori gehitu genezake?
Bai, egindakoarekin oso gustura.
Seme-alabak txirrindulari izatea gustatuko litzaizuke?
Ez diot aparteko garrantzirik ematen. Osasuntsu izan daitezela, eta kirol bat gustatzen bazaie egin dezatela. Hortik aurrera, tokatzen dena, edo ahal dutena. Zerbaitera edo nonbaitera iristea lortuko balute, poztuko nintzatekeela, ez dut inongo zalantzarik.
Luxu bat izan da zu lanean ikustea. Zure ibilbidea ongi bukatu dezazula eta merezitako atsedena har dezazula. Zorte on ibilbide berrian.
Eskerrik asko!