Txirrindularitza

Tropeleko kideen agurra Gorka Izagirreri

Guaixe 2024ko urr. 21a, 10:35

Selig eta Izagirre tropeleko kideek prestatutako 'ohorezko guardiatik' pasa behar izan ziren. TEAM COFIDIS

Guangxiko Tourreko azken etapan txirrindulariek ‘ohorezko guardia’ egin zieten txirrindularitza profesionala utziko duten Gorka Izagirreri (Cofidis) eta Rüdiger Seligi  (Astana)

Bukatu da. 16 urteren ondoren Gorka Izagirre Insaustik (Cofidis) txirrindulari profesional gisa bere azken pedalkadak Txinan eman zituen, Guangxiko Tourrean. Bukaeran, Tropelak merezitako omenaldia egin zien bai Gorka Izagirreri eta baita Rüdiger Seligi (Astana), hark ere txirrindularitza utziko duelako. Txirrindulariek ‘ohorezko guardia’ egin zieten biei, eta tente jarri zituzten txirrindula guztien artean pasa behar izan zuten Izagirrek eta Seligek, taldekideen omenaldia jasoaz.

Lennert van Eetveltek (Lotto) irabazi zuen Guangxiko Tourra (22:21:45). Igor Arrieta uharte arakildarra (UAE Emirates) 21. sailkatu zen, 1:07ra, eta Gorka Izagirre 74., 15:58ra. Izagirreren helburua proba despeditzea zen, eta, beraz, helburua bete du. Arrietaren UAE-k Guangxiko Tourreko talde onenaren saria jaso zuen. 

UAE, denboraldiko jaun eta jabe
Igor Arrietak, bestalde, bikain mustu du World Tour maila, UAE Emirates taldearekin ikusgarri aritu baita. UAE Emirates izan da 2024ko denboraldiko talde txapeldun handia. 81 garaipen lortu ditu Tadej Pogacar buru duen talde ahaltsuak, sailkapenean bigarren den Lidl taldeari (42 garaipen) 39 garaipen aterata. Soudal izan da hirugarren taldea, 34 garaipenekin.