Goi Mailetako Depresio Isolatuak (Goidi) Valentzian 200 hildakotik gora eta kalte larriak eragin zituen etxeetan eta azpiegituretan.
Nolaz Valentziara?
Massanassako Udaletik lehen egunetik harremanetan jarri ziren, laguntza eskatzeko. Eta laguntza premia zutenez, Valentziara joatea erabaki genuen. Lehenengo egunetik dago jendea Valentzian boluntario lanak egiten.
Bidaia zerbait eramateko baliatu zenuten?
DYAk larrialdi egoera eta halakoetan izaten da. Bidaia medikamentuak eta ura presioan botatzen duten eta garbitzeko balio duten makinak eramateko ere baliatu genuen. Jatekoak eta halakorik ez genuen eraman.
Massanassara iritsita, lehen inpresioa zein da?
Oso txarra, buff... Ziordian nengoela hango argazkiak ikustea edo bertatik bertara, ez dago konparatzerik. Massanassara ailegatu ginenean itxura txarra hartu genion. Dena, batez ere autoak, etxeak, denda eta abar, bi aste pasata baziren ere, oraindik laguntza handiaren premia zuten.
Zerbaitek harritu zintuen?
Bai, dena galdu zutela esaten dizutenean. Edo azken momentuaren uholdearen korrontetik salbatu zirela... Horrelakoak entzuteak eragin ziguten, bai. Eta umeak ere bai. Azken egunean hamar urteko ume bat guregana hurbildu zen, bere urtebetetzea zen, eta urtebetetzeko tarta eskatzen zigun. Jakina, une hartan guk ez genuen tartarik. Momentu hartan bihotza hautsi zitzaigun. Beste gauza batzuk bilatu genituen, jostailu batzuk eman genizkion eta umea oso pozik jarri zen.
Beraz, izan duzue Massanassako herritarrekin hizketatzeko aukera.
Bai, hitz egin genuen. Pixka bat ere, laguntza psikologikoa emateko. Kontatzen ziguten dena galdu zutela, edo lagun edo kideren bat hil zela... oso gogorra da, bai.
Zer lan egin zenuten DYAkoek?
Batez ere larrialdiak egin genituen. Eta herritarrak mediku kontsultetara eramaten genituen. Kontuan izan behar dugu uholdeagatik Massanassa, Paiporta eta gainontzeko herrietako biztanleek autoa galdu dutela eta Valentziara heltzeko modurik ez dutela. Gure anbulantzietan eta orotariko ibilgailuak eraman genituen hiriburura. Berdin zuen kontsulta sinplea bazen, esaterako, besoa apurtua zuena errehabilitaziora eraman genuen. Edo minbizia bazuen, kontsultara ere eraman behar genuen. Larrialdiak egunero eta orduro izan genituen.
Jende premia izanen dute oraindik?
Bai, jende asko behar da. Gu hamar joan ginen Valentziara. Baina DYAn txandaka ari gara lehen egunetik, hamarnaka joaten gara. Gu bueltatu ginenean, beste hamar boluntario joan ziren. Ez dago bakarrik Nafarroako DYA, Kantabria, Extremadura eta Zaragozako kideekin egon ginen. Azaroaren 13an 23 kide elkartu ginen Massanassan.
Berriro bueltatuko zara?
Oraindik ez dakit. Pena handiz bueltatu nintzen. Lanean nago eta Valentziara joateko oporrak hartu nituen. Bueltatzeko gogoz nago, baina, beharbada, guztia pixka bat pasatzen denean. Zeren orain booma dago. Orain mundu guztiak joan nahi du. Lan pila dago egiteko. Gure artean aipatu genuen dena pasatzen denean, esaterako ilbeltzean, booma pasata, jendeak ez duela gertatutakoa oroituko. Massanassan udalekoekin eta boluntarioekin harreman handia egin dugu. Ziurrenik beste talde bat osatuko dugu eta berriro laguntzera joanen gara. Jendea laguntzera joatera animatzen dut. Laguntza guztia eskertuko dute.