Ziordian hamar urte daramate hondakinak ezin kendu

Guaixe 2025ko urt. 8a, 09:00

Arropa metak Aralur lantegiaren barruan. ARTXIBOA

Bai udalak bai Gurelur elkarteak hainbatetan eskatu diote konponbidea gobernuari.

Enpresa itxi ondoren, Aralur lantegiaren mendebaldean Gipuzkoako atez ateko bilketarekin jasotako eta guztiz konpost bihurtu gabea zegoen materia organikoko metak jaso gabe gelditu ziren 2014an. Han daude oraindik, nahiz eta Ziordiko Udala ordutik ari den haiek kentzeko eskatzen. Lantegian Gipuzkoan birziklatzeko emandako arropa metak agertu ziren 2019ko udazkenean. Bota zuena ere harrapatu zuen Foruzaingoak, eta isuna jarri. 

"Baina zaborrak zaborra deitzen du eta lantegia kontrolik gabeko zabortegia bihurtu da. Hesiak jarrita ere, jendeak kendu eta han botatzen ditu hondakinak", azaldu du Olatz Irizar Martinez alkateak. "Ingurumen Departamentuarekin arazoa bideratzen saiatu gara hainbatean, baina ez dugu lortu. Gaiari nola heldu aztertzen ari gara orain", gaineratu du alkateak.

Udala ez da kexatzen bakarra
Gurelur elkartea egoera Ingurumen Departamentuan eta Arartekoan 2020az geroztik ari da egoera salatzen. “Orain arte, Nafarroan gai horiekin zerikusia duten erakundeek ez dute ezertxo ere egin Ziordiko ingurumenean eta gizartean hainbeste kalte eragiten ari diren isurketak ezabatzeko eta behar bezala tratatzeko”, kexatu dira Gurelurrekoak. Nabarmendu dutenez, “une honetan, legez kanpoko isurketek kaltetutako eremuan ia egunero botatzen dira era guztietako materialak, esate baterako: altzariak, obrako materialak, morteroak, plastikoak, zurak, eta abar. Hondakin horiei industria jarduera uztean enpresariek eskrupulurik gabe eremu horretan isuritako industria-harea kutsatzaileak gehitu behar zaizkie”.

Elkarteko kidek esan dutenez, “min egiten digu Nafarroako ingurumen kudeaketaren arduradunek beren betebeharrak larriki urratzen dituztela ikusteak. Ziordian gertatzen ari dena posible da enpresa kutsatzaileek Nafarroan duten baimenaagatik, Departamentuaren gelditasunagatik eta enpresa batzuek beren hondakinei buruz egiten duten kudeaketa gaitzesgarriagatik”. Arartekoari eskatu diote “berehala” jakinarazi behar diola Ingurumen Departamentuari “Ziordiko lurrak kutsatzen ari diren material guztiak lehenbailehen kentzeko duten betebeharra”. Gurelurreko kideek gaineratu dutenez, alderdiei Ziordiko egoeraren berri emanen diete, “gobernuak ingurumen araudia eta legea bete dezaten”.

Erlazionatuak

Pabiloi bat, hiru arazo

Guaixe 2020 mar 06 Ziordia