Areto futbola

150 neska-mutiko, Duchenne elkartearen alde

Guaixe 2025ko urt. 9a, 12:20

Duchenne FM Familiak Mugimenduan erakundearen alde 3.030 euro bildu ziren Ziordiko Gabonetako Areto Futboleko Elkartasun Torneoan.

Ziordiko Running taldeak antolatutako Ziordiko Gabonetako Areto Futboleko Elkartasun Torneoa abenduaren 28an jokatu zen eta aurten Duchenne FM Familiak Mugimenduan elkartea lagundu zuen. 

Hamahiru taldek hartu zuten parte areto futbol torneoan, 150 neska-mutil guztira. Goizean 2014 eta 2015 urteetan jaiotako sei talde lehiatu ziren: Arbizuko bi talde, Lakuntzako Lagun Artea, Olaztiko Sutegi eta Aguraingo bi talde. Arratsaldean, 2016an eta 20217an jaiotakoen txanda izan zen. Ziordia, Sutegi, Ademar maristak, Aguraingo bi talde, Lagun Artea eta Arbizu taldeek hartu zuten parte. Goizez eta arratsaldez, guztiek txokolate beroa hartzeko aukera izan zuten. 

Torneoa jokatzen zen bitartean, Duchenne gaitza duten gaixoen senitartekoen elkartearen aldeko zozketa txartelak saldu ziren. 45 sari zozketatu ziren, bildutakoen gozamenerako. Sari ederrak zeuden, Barcelona edo Xotaren kamisetak tarteko, eta inguruko komertzio eta enpresek eskainitako sari asko. Egunean bertan 623 euro jaso ziren, eta horri online saldutako txartelen 1.400 euro gehitu ziren, baita Sakana Group kooperatibak emandako 1.000 euroak eta beste. Horrela, Duchenne FM Familiak Mugimenduan elkartearen alde 3.030 euro bildu ziren. 

Lortutako dirua Duchenne FM Familiak Mugimenduan elkarteko kide Veronica Reyes Garciak jaso zuen. Bere seme Irenek jatorri genetikoa duen Duchenne gaitz degeneratiboa du, muskulu-distrofia progresiboa, eta Ziordian izan zen. Veronica Reyesek azaldu zuenez, udan Loiolan antolatuko duten kanpaldira bideratuko dute Ziordian jasotakoa. 

Ekimenak izandako erantzunarekin pozik azaldu zen Ziordiko Running taldeko Jose Ramon Ramirez, eta hasi berri den 2025ean ekimen solidario gehiago antolatzeko asmoa azaldu zuen, “beti dagoelako laguntza behar duen talde edo erakunderen bat”.