Eraikitze ordenantzan aldaketak egitea onartu du udalak

Guaixe 2025eko otsailaren 26a

Ziordiko ikuspegia Urbasako portutik. ARTXIBOA

Eraikin osagarriak, itxiturak, ostalaritzako establezimenduetako komunak eta eguzki plakak jartzeko araudia aldatu da.

Ziordiko Udalak herriko hirigintza planeko eraikitze ordenantzaren zazpi artikulu aldatzea onartu du. Aldaketa horiek lau arlori eragiten die. Alde batetik, ostalaritzako establezimenduetan sexu bakoitzeko bi komun independente egoteko betebeharra kendu da, lokal txikien kasuan araudiak proiektu osoa arriskuan jartzen baitu. Hala ere, irisgarritasun-baldintzak errespetatu beharko dira. Bestetik, teilatuen ingurukoa araudia zehaztu da. Teilatu gainean argizuloak, tximiniak, antenak, eguzki energiako panel kaptatzaileak (katalogatutako eraikuntzetan izan ezik) eta igogailu kutxak baino ez dira onartuko. Eguzki plakek teilatuaren %30 hartu dezakete gehienez. 

Aldi berean, hirigune historiko tradizionala sektorearen barruan itxitura metalikoak egiteko aukera izanen da, beti ere, Ziordiko arkitekturarekin bat etorriz. Udalak lurzoru libre pribatuko eraikuntzetarako ezarritako araudia egokitu du. Ondorioz, batetik, lorategietan ohikoak diren elementuak jartzeko aukera izanen da (bankuak, aulkiak, jardinerak eta abar). Bestetik, erretegiak eta barbakoak jartzeko aukera izanen da. Eta, azkenik, egurra edo lan tresnak jartzeko biltegi edo eraikin txikiak jartzeko aukera izanen da, beti ere, 20 m2-ko azalera gainditzen ez badute. Azken horiek nolakoak izan behar duten zehaztu da ordenantzan.