Ibarraren mutur batetik bestera, Irurtzundik Ziordira, pasa zen Guaixe txokoa. Ziordiko inauteriak zirela eta, Guaixe fundazioko hiru kide Ziordian izan ziren eguerdi partean. Txokoa muntatu eta hara hurbildu ziren ziordiar guztiei Sakanan euskarazko hedabideak sustatzeko proiektuari buruzko argibideak eman zizkieten, baita bazkidetza aukeren berri ere. Txokotik pasa zirenek poltsak eta koloreztatzeko liburuxkak eskuratzeko aukera izan zuten. Inauteri giroan, Guaixe txokoan zeuden mozorratzeko materialak jokoa eman zuen, eta hainbat izan ziren hura baliatuta photocallean argazkia egin zutenak.
Guaixe txokoaren bidez, "fundazioaren eta sakandarren elkar ezagutza sustatu dugu, eta sakandarren ekarpenak jaso", azaldu du fundazioko kudeatzaile Goizeder Anton Iturraldek. Aldi berean, "Izan Giltzarri! ekimenaren bidez, Sakanako euskarazko hedabideak sustatzen dituzten bazkideen kopurua handitu nahi dugu". Irurtzunen eta Ziordian harrera ona izan ondoren, "Sakana guztia zeharkatzeko asmoarekin jarraitzen dugu. Datak gerturatu ahala zein herritan izanen garen iragarriko dugu. Izan Giltzarri!"