Ziordiko udaletxeak otsailaz geroztik igogailua du. Hura jarriz udalak herriko etxeko irisgarritasuna bermatu nahi izan du. Horretarako, udal eraikinean obra handia egin du. Ezkaratzean hartu daiteke igogailua eta beste hiru solairuetara igo. Azkenekoan, ganboikoan, liburutegia dago. Hura itxita dagoenean igogailua haraino ez igotzeko sistema bat jarri du udalak. Halakoetan igogailua bakarrik bigarren solairuraino igoko da. Liburutegia zabalik dagoenean, liburuzainak giltza batekin zabaltzen du, eta igogailuak goraino igotzeko aukera du. Baina liburutegian ikasten edo irakurtzen ari direnei traba ez egiteko, udalaren nahia da liburuzainak soilik mugikortasun arazoak dituztenei aukera ematea liburutegira igogailuan igotzeko.
Lanek 220.054,32 euroko aurrekontua izan dute. Joan zen urte hasieran hasi ziren lanak eta otsailean despeditu dituzte. Obra finantzatzeko Ziordiko Udalak Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planeko dirulaguntza izan du.
Aralurren pauso txikiak
Aralur enpresa itxi zenean, Gipuzkoatik ekarritako ongi ondu gabeko materia organikoko metak utzi zituzten. Ondoren, Gipuzkoan birziklatzeko emandako arropa metaz beterik agertu zen lantokia. Ziordiko Udalak bi gertakariak salatu zituen. Azkenik, jendeak lantegi ingurua kontrolik gabeko zabortegi gisa eta han denetarik botatzeko erabili izan du.
Nafarroako Gobernuaren atzetik luze ibili ondoren, "pauso txikiak ematen hasi direla" jakinarazi du Olatz Irizar Martinez alkateak. "Udalak lantegirako bidea itxi du. Abeltzainek badute itxitura zabaltzeko giltza". Alkateak azaldu duenez, "gobernuak lur zati handi bat eramateko asmoa du. Bestalde, dagoeneko arroparik apenas dago. Sutea izan zen eta guztia kixkali zen. Errautsa besterik ez dago".