Ziordiko Lasterketa Solidarioak 170 korrikalari espero ditu

Guaixe 2025ko eka. 27a, 12:59

Ekainaren 28an, larunbata, jokatuko da lasterketa; parte hartzeko helduek lau kilogramo elikagai eta haurrekin bi kilogramo eraman beharko dituzte. 

XII. Ziordiko Lasterketa Solidarioa ekainaren 28an, larunbata, jokatuko da. Haurren lasterketa 17:00etan hasiko da –lau kategoria daude–, 17:30ean 2,5 kmko martxa solidarioaren txanda izango da, eta 18:00etan helduen proba nagusia, 6,8 kmkoa (zirkuituari hiru itzuli). 

Ziordiko Running taldeak 170 korrikalari espero ditu, 130 heldu eta 40 haur inguru. Izena ematearen truke, helduek 4 kg elikagai eta haurrek 2 kg elikagai eraman beharko dituzte, Paris 365 jantoki sozialera bideratuko direnak. Horretaz gain, Aurrera Markelekin fundazioaren aldeko zozketa solidarioa egingo da, Markel Carmona GNA01 gaixotasun ultra arraroa duen haur urnietarra laguntzeko. 56 sari zozketatuko dira euro bateko prezioan saltzen ari diren txartelen truke.

Aurten talde berria lagunduko du Ziordiko lasterketak: Nafarroako AGO Sindromea Elkartea. 6 urteko Uxue nafarrak du Argonauta Sindromea, AGO1 eta AGO2 geneetan ematen diren aldaketek sortutakoa. Ondorioz, garapen motorean atzerapena du, hitz egiteko arazoak eta desgaitasun intelektuala. Elkartearen alde hamasei sari zozketatuko dira.