Ekainaren 30etik uztailaren 6ra Ixabel Agirresarobek Eginoko mojen konbentuan egonaldia egin zuen. Udalbiltzaren Geuretik sortuak programaren hirugarren edizioaren barruan egiten duen hirugarren eta azken egonaldia izanen da, maiatzaren hasieran Araian eta maiatzaren 26tik 30era Ziordian egon ondoren.
Nola sortu zitzaizun programan parte hartzeko aukera?
Proiektu honen berri sortu zenean izan nuen, baina ez nuen nire burua horrelako proiektu batean ikusten, gehienbat egonaldiak eskatzen zituelako. Ez zen ez zitzaizkidalako gustatzen, baizik eta gauza handia bezala ikusten nuelako. Baditut parte hartu duten lagunak, eta haien esperientzia entzun eta gero animatu nintzen. Gainera, ekitaldi honen edizio berria proposatu zutenean nire herrian, Usurbilen, agerraldi moduko bat egon zen eta bertan parte hartu zuten sortzaileak eta udalerrietako ordezkariak eta abar egon ziren. Beraien kontuak entzun nituen eta pentsatu nuen: "Hau da tentazioa hau! Botako dut proposamena!". Denak animatu ninduten. Egia da gero proiektua onartu behar zutela. Zorionez onartu zuten, eta hementxe nago; saltsa honetan.
Zein zen zure proposamena?
Errekak gaia hartu nuen; errekak eta horren inguruan herri bakoitzean ea zer dagoen. Idazlan bat osatu behar dut, eta erreka aitzakia bat izan da.
Asparrena eta Ziordia. Zergatik herri horietan?
Hori da gauza polit bat. Nire proiektua aurkeztu nuenean ezin nuen eskatu zein herritan egin. Hori Udalbiltzak erabakitzen du, eta pentsatzen dut herriak ere ez zekiela zer sortzaile etorriko ziren. Orduan, jolas moduko bat izan zen. Aukera hau biziagoa dela iruditzen zait.
Zer egin duzu?
Testigantzak jaso ditu, baita nik proposamenak eskaini ere. Proiektuak hori eskatzen du; egonaldi horretan herriarentzat edo herriarekin gauzak egitea, eta egin ditugu.
Zer moduzko harrera izan zenuen Ziordian?
Herriak oso ondo hartu ninduen. Kuadrillak ezagutu nituen; gizonezko kuadrillak, mordo bat direla, eta bi emakume talderekin elkartu nintzen ere. Oso herri bizia da Ziordia. Gizonak elkartean topatzen nituen, ordu jakin batean azaldu nintzen nire koaderno eta boligrafoarekin, eta bazekiten norbait azalduko zela. Oso ondo hartu ninduten. Beraien kontuak entzun nituen. Elkarte berean, baina beste sektore batean, emakumeak zeuden eta beste kontu batzuk esan zizkidaten. Beste egun batean herriko jostun talde bat osatzen duten emakumeekin elkartu nintzen, eta haiekin ere egon nintzen eta haiek ere zoragarri hartu ninduten. Batek esan zidan: "Ez dut asko josi gaur, baina ez dut pena handirik. Kontuak esaten oso gustura ibili naiz". Ludotekan ere egon nintzen. Haiekin ez zen bakarrik istorioak entzun, baizik eta ekintza bat proposatu nien eta segituan jarri ziren ekintza horretan; erreka zen protagonista. Gauza politak izan ziren.
Horrelakoa izatea espero zenuen?
"Norberak zerbait eskaintzen dio herriari; pertsona berak garrantzia dauka"
Proiektua bera irekia zenez, etorri nintzen ea zer aurkitzen nuen ikustera. Nik proposamenak nituen, baina nola erantzungo zuten? Auskalo. Hemen ikusi dudana da norberak zerbait eskaintzen diola herriari; pertsona berak garrantzia dauka. Oso gustura pasatzen ditut orduak eta orduak jendearekin, eta nik uste jendea nirekin eroso egon dela. Ezezkoak jasotzeko prest etorri nintzen ere. Udalak lan handia egin zuen eta denak abisatuta zeuden. Oso ondo joan da.
Nolakoa da egonaldi egun bat?
Eguraldiak asko markatu du. Lehenengo aldian egon nintzenean fresko eta ihintzaldia zegoen. Izugarri gustatzen zait eguraldi hori. Sira hartu, eta ibilaldiak egiten hasten nintzen. Herriak ez nituen asko ezagutzen, eta inguruko herriak oinez ezagutu nituen. Goizean batez ere ibilaldiak egiten nituen, otordua prestatuta egoten zen eta hori gauzarik hoberenetarikoa izan da; pisu gehiagorekin itzuli nintzen etxera. Arratsaldean ekintzak egiten nituen: hitz egitekoak, jolas tokikoak... Afari moduko bat, apunteak hartu, nolabait asimilatu eta horrelako gogoa bazegoen zerbait idazten jartzen nintzen. Egia esan, bertan lo egite horrek pila bat errazten du. Edozein ordutan dela hor zaude, beste herritar baten gisa.
Ziordia aurretik ezagutzen zenuen?
Bai. Baina ez da berdina lanera etortzea edo egonaldi bat egitea. Ziordian oso oroitzapen ona daukat. Kale antzerkia egiten genuenean montaje batekin etorri ginen, duela urte pila bateko festetan (oso txarra naiz zenbakietarako), eta antzerkia egin ondoren dena jasotzen ari ginenean giroa oso-oso beroa zegoen. Ez dakit zer gertatu zen, protestak zeuden, polizia... Eta gu, haurren aurrean, traste guztiak hartzen ari ginela, bat-batean berdeak agertu ziren. Hau da festa! Bero-bero etorri ziren, eta festetako giroak ere badakigu zer sor zezakeen. Zorionez nahiko apal bukatu zen, baina antzerkiko kideek esan genuen: guk hemen bizi nahi dugu! Herri bizia zen, eta etorri naizenean konturatu naiz herriak bizitza daukala.
Zein da hurrengo urratsa?
Orain dator nire lana. Idazlana hasita dago, kendu eta jarri asko egiten ari naiz. Eginon mojen konbentoan nago eta ez daukat distrakzio gehegi eta zentratzeko behar dut. Aste honetan aprobetxatuko dudala iruditzen zait. Hor ez da bukatzen, Udalbiltzak aholkulari bat jartzen du, eta zerbait txukuna eginda bidali nahi diot.