Astekaria

Herri txikietako festetako DJak

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko uztailaren 23a

Boletus Rumberus, Unai Mujika eta Xabier Bengoetxea, emanaldi batean. UTZITAKOA

Boletus Rumberus izena Sakanako festetako egitarauetan ohikoa izaten da. Xabier Bengoetxea eta Unai Mujika ziordiarrek osatzen duten disko jartzaile taldea da. "Denetariko" musika jartzen dute; herriari, adinari eta egoerara moldatzen dira

Gaur egun disko jartzaileen munduan mota "desberdinak" daudela esan dute Xabier Bengoetxea Ijurrak eta Unai Mujika Mateok. Ziordiarrek Boletus Rumberus DJ osatzen dute: "Gu gara herri txikietako festetako DJak". 2022ko abenduan hasi ziren "bromagatik" musika jartzen eta pixkanaka "beste herri batzuetatik" deitzen hasi ziren. Orain Sakanako festa ia guztietako egitarauetan daude. 

"Herrian Santa Luzia eguna ospatzen zen, baina gaztetxean ez zegoen festa hori egiteko ohiturarik; duela pare bat urte festa hori ospatzea pentsatu genuen eta diru gutxi genuenez esan genuen: 'jarriko gara gu DJ moduan?'", azaldu du Bengoetxeak. "Gaztetxean zer edo zer egiteagatik pentsatu genuen; herrian baiezkoa eman zuten", gaineratu du Mujikak. Ospakizun egun horretan "festa egiteagatik" hasi ziren, eta laster ondoko herritik deitu zieten, Olaztitik, "batetik hasi, gero bestea...". Instagrameko kontua irekitzea mugarri izan zen (@djboletusrumberus). 

Nola da festetako DJa izatea? "Giroaren araberakoa da; zer jende dagoen, adina eta abar kon tuan hartzen dugu. Lizarragara joaten bagara badakigu mexikar asko jarri behar ditugula, eta Altsasun beste musika mota bat da", esan du Mujikak. Oholtzatik jendeak "zer nahi duen" ikusi behar dute, "Sakanan gutxi gorabehera elkar ezagutzen dugunez badakigu zer gustatzen zaion bakoitzari". Hasieran ezjakintasun gehiagoarekin joaten zirela gaineratu du Bengoetxeak, "baina orain bigarren uda da eta gutxi gorabehera badakigu herri bakoitzean eta dagoen pertsonaren arabera zer gustatzen zaien". Ibarreko herri batetik bestera aldaketa "nabaritzen" dela esan dute. Beste zenbait elementu izan behar dituzte kontuan, esaterako, emanaldiaren ordua edo tokia: "ez da berdina plaza batean edo taberna batean egon, edo arratsaldean edo gauean". 

Zopilotes Txirriaus taldearen abesti batekin hasten da beti Boletus Rumberus. "Horrekin hasi ginen eta horrekin jarraitzen dugu". Lehenengo bi edo hiru kantak saio guztietan berberak dira, eta emanaldiaren arabera aldatzen dira. "Momentuan erabakitzen dugu zer jarri. Agian badago tarte bat ez dakiguna zer jarri, baina orduan norbait dator eskatzera", esan du Bengoetxeak. Gerta daiteke abesti horrek momentu horretan bat ez egitea, "eta ez dugu jartzen; edo abestia esatea eta pentsatzea: ona!".

Aniztasuna
"DJa izan behar ginela formalizatu genuenean mahai bat erosi genuen eta aplikazio horretarako kantak deskargatuta izan behar genituen", azaldu du Mujikak. Gaztetxeko ordenagailuan zituzten abestiekin nahastuko lituzkete, baina "beste arazo bat" sortu zen, Bengoetxeak azaldu bezala: "Gaztetxean ordenagailu bat zegoen eta bertan abesti pila bat zeuden, baina ezabatu zituzten eta den-denak deskargatu behar izan genituen". Abesti zerrenda handia izan arren, gerta daiteke tokiren batean abesti bat eskatu eta ez izatea, eta orduan kobertura izan behar dute kontuan. DJ set-a ordenagailu eta soinu mahai batez osatuta dago, eta lekuren batean ekipoa ere eraman behar dutela esaten badiete, "Lizarragako bi anaik badute horrelako ekipo bat". Abesti batetik bestera pasatzeko nahasketak egiten dituzte, baina oraindik mahaiak ematen dituen aukera guztiak ez dituztela probatu esan dute. 

Boletus Rumberus DJen berezitasuna "denetarik" jartzen dutela da. Mujika: "Bioi edozein kanta mota gustatzen zaiogu eta jendari ere gustatzen zaie. Hasiera momentuetan agian ez dakigu zer jarri, baina bukaeran jendea oso pozik egoten da". Gaur egun DJak estilo bakar batean nabarmentzen direla azaldu du Bengoetxeak: "Edo reggatoia edo tekno edo denok ezagutzen ditugun abestiak. Baina guk denetarik jartzen dugu; eskatzen digutena".  

Disko jartzaileek azaldu dutenez Sakanako herriaren arabera musika estilo bat edo beste entzuten da, betiere biltzen den jendearen araberakoa dela kontuan hartuta. Zer entzuten da, beraz, Sakanan? "Irurtzunen gehiago da hirian bezala. Barazkigunen egon ginen eta egongo gara (gaur, uztailak 18, 23:30etik aurrera), eta lehenengo urtean ez genekien oso ongi zer jarri eta betikoa jarri genuen". Gaur egungo kanta "komertzialagoak" jarri dituztela azaldu dute. "Lizarragako eta horrelako herri txikietan desberdina da". Iturmendin ere antzekoa dela esan dute. Altsasun flamenko, runba eta abar eskatzen dituztela esan dute, "gauzak diren bezala", baita rocka ere eskatzen dute; "baina, denetarik. Gehienetan gaztetxean egongo gara, eta rock nahikotxo eskatzen dute". Ziordian ere denetarik jartzen dute, "agian abesti zaharrak gehiago; reggaetoiaren barruan 2010ko hamarkadakoa". Baita lehengo rocka ere jartzen dute Ziordian,"50 eta 60 urteko jendeari gustatzen zaiona". 

Aurten udako abestirik ez dagoela esan dute. "Batzuk La Potra Salvaje abestiarekin jarraitzen dute". Gaur egun ez dute inolaz ere jartzen. "Adin guztietako jendeak; txikienetik helduenetara". Lola Indigoren Mojaita abestiarekin jendea "mugitzen" dela esan dute, baina momentuz ezin dute udako abestirik dagoenik esan. 

"Esan beharra dago: herria zenbat eta txikiagoa, parrando orduan eta hobea"

Boletus Rumberus parranda egiteko modu bat bihurtu da gazte ziordiarrendako. Mujika: "Toki batera joaten gara, gustuko ditugun kantak jartzen ditugu...". Elkarrekin parranda egiten dutela gaineratu du Bengoetxeak. Festa bat aukeratzekotan Baztango Berroetarekin gelditzen dira; lagunekin joan ziren eta oso ongi hartu zituzten. "Esan beharra dago, herria zenbat eta txikiago, orduan eta juerga hobeagoa". Etxean ere oso gustura egoten dira.