Guztiendako festak Ziordian

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko irailaren 8a

2024ko Ziordiko festen hasiera. ARTXIBOA

Ziordiko elkarteko sei kidek osatzen dute Jai Batzordea. Atzo hasi ziren festak, eta astelehenera arte iraunen dute. Txupinazoa eta Gaixoa ni, hasiera eta bukaera, ekimen "bereziak" dira.

Irailaren 4an hasi ziren Ziordiko festak. Gorka Izagirre eta Jorge Azanza txirrindulari ohiek eta Ailetz Lasa txirrindulariaren anaiak, Unaik, bota zuten festak iragartzeko suziria. Ziordiarrek orokorrean txirrindularitza asko gogoko duten kirola dela esan du Ainhoa Rubio Mendoza Jai Batzordeko kideak, "afizioa handia dago, noski, eta herriko hiru dira profesionalean ibili direnak edo dabiltzanak, eta lan hori aitortzeko aukera aparta ikusi dugu". Rubiorendako festen hasierako suziria "dudarik gabe" festetako ekitaldirik nagusia da: "Festen hasiera da eta jende gehien elkartzen garen momentua. Denok gogotsu gaude festei hasiera emateko, eta horrek giroa asko alaitzen du". 

Ziordiko festak sei kidez osatutako Jai Batzorde batek antolatzen ditu, urtero aldatzen dena. Aurten Rubiorekin batera, Juan Carlos Gastaminza, Ruben Izko, Laurent Chauvin, Iurgi Flores eta Naroa Barriola izan dira antolakuntzako kideak. "Elkarteko Batzordekoek sei kide aukeratzen ditu urtero festak antolatzeko. Normalean gazteok musikaz arduratzen gara, eta helduagoak beste ekitaldi desberdinetaz". "Astero" elkartzen dira "denon gustuko" festak antolatzeko. "Lehenengo gauza musika lotzea izan zen". Ondoren, "hilabete hauetan zehar" gainontzekoa antolatzen joan dira: pilota partidak, jolas parkea, txirrindularitza, dantza emanaldiak eta abar. "Guretako garrantzitsuena pertsona guztiendako erakargarriak diren festak antolatzea da, adin guztietarako, herriko zein kanpokoendako. Gure programazioa horren adibide da". 

Festak
Festen hasierako suziria ekitaldi nagusienetarikoa dela esan du Rubiok. Bestetik, aurtengo festetako ostiral gaua aipatu du: "Sekulako kontzertuak izango ditugu gurean: La Txama eta Dinamita. Dudarik gabe ekitaldirik handienetakoa". 

Ziordiko festak berezi egiten dituten beste ekitaldi bat Gaixoa Ni dela esan du Jai Batzordeko kideak: "Herritarrok plazan elkarrekin afaldu ondoren, denok musikaren erritmora dantzatzen dugu, eskutik elkar lotuta". Festen hasieran eta amaieran ez ezik, festetan antolatzen diren ekitaldietara "herri guztia" batzen da eta hori ere "berezia" dela esan du ziordiarrak.