Pilota

Pilota Goxua Txapelketa, Olaztitik Ziordira

Maider Betelu Ganboa 2025eko azaroaren 5a

Olaztiko Goxua Txapelketako finala. UTZITAKOA

Urriaren 31n hasi zen Ziordiko Dona Luzia Pilota Goxua Txapelketa. Hamabi bikotek ari dira parte hartzen bi multzotan banatuta. Finala Dona Luzia egun handian jokatuko da

Aspaldiko ostiraleko pilota gauak berreskuratzeko Olaztiko Goxua Txapelketa antolatu zuen Olazti eta Ziordiko Goxua Taldeak San Miguel festetarako. Ekimenak sekulako arrakasta izan zuen Olaztin, eta taldeak hurrengo txapelketa antolatu du jada: Ziordiko Dona Luzia Pilota Goxua Txapelketa. 

Pilotari amateurrak euren zaletasunaz gozatzeko gogotsu daudela agerikoa da. Ekimenak sortutako ilusioaren isla, hamabi bikotek eman dute izena  txapelketa herrikoian. "Ez soilik ziordiarrak eta olaztiarrak; Altsasu, Etxarri Aranatz eta Lezaungo jendea batu zaigu" azaldu du antolakuntzako Gorka Izagirrek. Izagirre txirrindulari ohiak bizikleta profesionala utzi zuen iaz, eta pilota goxuan aurkitu du kirolarekin jarraitzeko tokia eta gogoa. Ez doakio gaizki, gainera, Olaztiko Goxua Txapelketako final handia irabazi baitzuen, Beratekin bikotea osatuta. Ziordikoan San Vicente izango du bidaide. 

Ostiralero
Hamabi bikoteak bi multzotan banatu dituzte. "Multzo bakoitzean ligaxka jokatuko da, eta ligaxkako lau bikote onenek finalerdiak jokatuko dituzte. Finala Dona Luzia egunean jokatuko da, abenduaren 13an, larunbatarekin, Ziordian egun handi moduan ospatzen dugu eta" gaineratu du. Ziordiko festari, bada, pilota finala gehituko zaio. Beraz, gaurtik hasita Dona Luzia egunera bitartean, ostiralero pilota partidak jokatuko dira Ziordian, 20:30ean hasita. Giro polita espero da. 

Lehen jardunaldia
Lehen jardunaldian jokatuko ziren partidak hurrenak izan ziren: Agirre-Raul / Ormazabal-Mujika; Laka-Ekhi / Otxoa-Gonzalez; Barriola-San Roman / Maiza-Etxeberria; Arakama-Joseba / Azkargorta-Solas; Izagirre-San Vicente / Otxandorena-Etxebeste; eta Eneritz-Berat / Jimenez-Senar.